Plana: atseden hartu

Erabiltzailearen aurpegia Igor Galarza Intxausti 2025ko mar. 14a, 08:00

Azken asteburuetan ez naiz geldirik egon. Atseden hartu dudala esan dezaket? Bai. Baina ez dut sofan etzanda egonda atseden hartu. Egiari zor, domeka heldu, etxean sartu eta amak esan izan dit asteburuotan: "Kontxo! Bizi da nire seme nagusia!". Tira, egia da ez noala kontatzen zertan ari naizen uneoro, beraz, beti egin behar izaten diet asteburuaren laburpena etxekoei. Agian barikuan eman nien neuzkan planen berri, baina gertatu izan zait plana erabat aldatzea. Hortaz, kontatzen hasi behar. Ikasgelan lez sentitzen naiz, asteburuko laburpenaren aurkezpena egiteko prest. Ondo etorri, beraz, nire azken asteburuko laburpenera:

“Zapatua, egia esan, ez zen oso lasai hasi. Laneko kontuekin ekin nion egunari. Gurean, nazioartean lez, urteko egun seinalatuetako bat izan zen. Ez da apurtutako bihotz bat behar, batzuetan onena gauzak joaten uztea dela ikasteko. Eta joan zen goiza. Dena planaren barruan. Aldarriek kaleak aldatu zituzten, egunak ez baitzuen besterik eskatzen. Biharamunak beti izan dira “eta orain zer?” bat Euskal Herriko borroka ugarietan. Oraindik ez dut galdu noizbait biharamun desberdin bat biziko dugun esperantza.

Domeka iritsi zen. Horixe da denbora: geure buruari ezarri diogun zepo bat, tranpa bat. Eguraldi ederra zetorren, eta goizeko lehen orduan palan jolasteko (eta ez jokatzeko) plana geneukan. Baina azken orduan dena bertan behera geratu zen (planak aldatzearen kontuak). Hala ere, eguneko plan potoloa parrillada bat zen; calçotak jateko plana egin genuen. Gainera, berba berri bat deskubritu nuen, ‘uher’. Bertsotarako errima bezala apuntatuta. Lagun artean bazkaldu ostean, bizitzaz berba egiten hasi ginen. Hor sentitu nuen benetako atsedena, benetako patxada. Hor gogoratu genuen, besteak beste, bost urte igaro direla pandemia hasi zenetik, gure planek nahitaezko ‘pause’ bat hartu behar zutela. Ez gara ohartzen igaro den guztiaz, eta, kasu horretan, ez nago ziur igarotzen utzi gura genuenik. Eta asteburua, hain zuzen, atsedenetik urruti amaitu nuen, Abadiñoko pilota txapelketa herrikoiko partidua jokatu bainuen. (Igor umeak idatziko balu lez) Eta gero lotara joan nintzen”.

Bizitza planez josteko beharra sentitzen dugu, plan aldaketen edo, are, planik ezaren edertasunaz jabetu barik. Ezer ere ez egitea da noizean behin egin behar duzun hori.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!