Distopia distopikoa

Erabiltzailearen aurpegia Igor Galarza Intxausti 2025ko urt. 24a, 08:30

Jarri arreta testu honetan. Ez da ingurua existitzen, ez da paperaren edo mugikorraren alboan egon daitekeen ezer existitzen. Orain, har ezazu minutu bat eta hasi imajinatzen egoerarik distopikoena. Ados. Zer imajinatu duzu? Niri betiko pelikulak etorri zaizkit burura: Hirugarren Mundu Gerra, bonba atomikoak, jendea etengabe hiltzen, eta munduaren apokalipsiaren erdian, gu, ezer egin ezinda, atzera bueltarik barik.

Delako ‘blue monday’ edo astelehen urdina igaro dugu asteon. Ez dut sinisten halako fenomenoetan, baina nahiko deigarria da, termino hori AEBetako lurretatik etorrita, munduaren ahotan dabilen pertsonaia horrek AEBetako presidente kargua egun berean hartu izana. Astelehenean fenomenoan sinisten hasi nintzen. ‘Trump’. Voldemort esateari baino errespetu handiagoa diot Trump esateari. Ukiezina bihurtu dela dirudi, eta bere asmoak, haluzinogeno bat hartu ondoren aipatu dituela badirudi ere, egia bihurtu daitezkeen kezka erraztasunez sortzen du.

Ez dio ezer egingo Euskal Herriari, ez zuzenki behintzat, baina AEBetan batutako irudiak (Elon Musk agur nazia egiten eta politika estatubatuarra Trump, Musk eta konpainia zilegitzen) Espainiako Estatura eta estatuko politikako zein hedabideetako jendearekin paralelismoak egitera gakartza. Motos, Ana Rosa, Ferreras, Josu Jon Imaz, De Miguel… kinkan jarri izan ditu iritzi publikoak. Baina ai, futbolaren, La Revueltaren edota “herri txiki baten sortu nintzen” abesturik hasten den abestiaren gozamenarekin barrena lasai eta garbi dugu. Barre batzuk egin ditzakezu La 1 ikusten, Altuna partidak galtzen ikusi ETB1en, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa ETB4n, eta gainera domekan Izaki Gardenak ikustera joan zinen Amaraun Arte Fabrikara. Ez zaude hain txarto, ala?

Eguneroko plazer eta gogobetetze txikiekin gure animoa altxatzen dugu. Eta ez gara horren errudun sentitu behar. Baina, hain zuzen, hasieran imajinatu duzun distopia baino distopikoagoa ez al da, zerbait egiten ari garela sinistea, eta indar handia eta denbora asko horretan inbertitu ondoren egoera gutxi asko denaz konturatzea? Eta ez gara geldituko, herri txiki honetan sortu ginenok badakigu zer den pauso ñimiñoak ematea. Baina aurrerazkoak izan daitezela eskatzen diot urte berriari. Besterik ez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!