Belarritik tira

Erabiltzailearen aurpegia Igor Galarza Intxausti 2024ko urr. 18a, 08:38

Nakar taldeak BBK Live baztertu du, Txarlik Luhartz utzi zuen, Harry Styles-ek One Direction, Rachelek Ross (Rossek Rachel ere bai), Koldok Leo, eta Leirek La Oreja de Van Gogh. Tira, zer espero zenuten, inork ere ez aipatzea Anboton aste honetan? Donostiako -edo ‘Sanse’ko?- talde batek mundu osoa aztoratzea albiste da Euskal Herrian, eta Anboton ere bai. Taldeari belarrietatik, bueno, belarritik tiraka ari dira hainbat zale. Imajinatu besterik ez dago zer gertatuko litzatekeen Durangaldean Aintzanek Luhartz utziko balu eta Txarli bueltatuko balitz. Aldea badago, ordea, Leireri gertatu zaionaren eta beste kasu guztien artean, sentimendu bat: horren parte sentitu gura eta ez sentitzen uztearena.

Ez nator musikaz berba egitera, eta bost axola zer gertatzen den talde horrekin. Ez dakit zein den Doren, Miren eta Faren arteko aldea. Gertatu denaz eta sentimendu horretaz berba egitera nator. Ez baitago sentimendu baztertzaileagorik bertan egon gura eta ez uztearena baino. Ez da ezin duzula, ez da zeruko hodei ertzetatik heltzen den destinu horrek beste bide bat hartzera eramaten zaituela; norbaitek, edo talde batek, lekutik urrundu zaituela baizik. Ez da izan “ez zaitugu gura gurekin gehiago” bat, “ez gaude txarto zugaz, baina lehengoagaz hobeto joan dakigukeela uste dugu” esan diote. Pertsonak egoistak garela agerikoa izan da beti, baina hori esatea ankerkeria da. Nor edo nork behin apurtu zuen panpin bat hartu zenuen, konpontzen saiatu zara, itxura batean lortu duzu, denbora askoan beragaz batera jolastu zara… eta egun batean panpinak etxea utzi eta hautsi zuenarengana itzuli zen.

Honek guztiak tamalez ohikoa den egoera batera eramaten gaitu: Gizona(e)k emakumea instrumentalizatu du(te) irabazi propiorako. Erabaki batetik kanpo utzi dute 17 urtez, ustez, familiako kide bat izan dena. Idatziak ez zaitzala engaina. Are, bi abeslarien artean egon den konparazio etengabean ez dute inongo adierazpenik egin. Beste aldean jarri genezake, esaterako, Linkin Park taldea. Chester Benningtonen itzala luzea da, baina ez dute ordezkapen bat bilatu, dolua atzean utzita kolore desberdin bat txertatu gura izan dute, kasu honetan Emily Armstrong taldearen parte izateko lan egiten ari dira. ‘Sanse’-koak, berriz, dirua egiten jarraitzeko, besterik ez. Doazela BBK-ra eta antzekoetara. Ni Nakar ikustera joango naiz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!