Puntu. Eta aparte

Erabiltzailearen aurpegia Igor Galarza Intxausti 2024ko uzt. 12a, 11:15

Ez al zaizue iruditzen denbora kontrolaezin bihurtzen ari zaigula? Esan gura dut, jakin barik lehengo sasoietan zelan bizi ziren (asko entzun dugu baina tira azken batean esanak eta eginak distortsionatzen maisu da gizakia) iruditzen zait orain ez dugula orduan egiten ziren irteerak asteburu pasak eta abar luzeko zerrenda hori egiteko astirik, areago, beharbada ez dugula geure buruari begiratzeko astirik, ez dugula edo tira ez digutela uzten astirik.

Noizean behin buruak eztanda egin ostean esaten diogu “atsedena behar duzu” baina ohartu orduko berriz zaude martxan, berriz zaude agenda puzten eta ez husten, hondartzara joan eta handik ere zure lankide bati mesedea egiten “garrantzitsua da ta” aitzakiapean eta itsas lerrora baino gehiago begiratzen diozu mugikorrari eguzkiak edo zure egonezinek eta baldarkeriek pantailan marraztu dioten lerro urratu beltz horri eta uste duzu “mugikorra zahartzen” ari zaizula eta apur bat larritu zara mugikor berrian berriz dena konfiguratu behar duzulako eta hori pentsatu bitartean zure Calendar-a deskonfiguratu da eta ahaztu egin zaizu noiz duzun laneko bilera entregatu beharreko testuaren epea eta non utzi duzun krema erretzen hasi zarelako ez bakarrik azaletik baizik barrutik ere bai eta ohartu orduko berriro ahaztu duzu zure egunerokoan komak eta puntuak jartzea uste duzulako eginez gero denbora galtzen ari zarela eta orduan buruak berriro “BUM!”.

Asko gustatzen zaigu testuari pare bat enter sakatzea, gauzak ondo antolatuta ditugula adierazteko geure buruari. Aldiz, gero, beharraren beharrez ez gara gai gure egunerokoan enter hori sakatzeko. Iritsi da momentua non, telelanari(ren) esker (erruz), ezin dugun gure aisia betebeharretik aldendu. Orain gutxira arte gutxi ziren hori jasaten zutenak, asko pertsonaia edo langile publikoak zirenak. Gaur egun biltegi batean lanean ari denak adi egon behar du laneko dei bat jaso behar duen kasurako. Mendira txangoa egin gura duenak ere estaldurarik badagoen ala ez kezka izango du. Hasi. Gaitezen. Komak, puntuak. Jartzen. Bestela, testu honetan legez, arnasarik barik geratuko gara, eta ordainduko dutenak, gure buruaz gain, gure ingurukoak izango dira. Eta hor helduko da, nahigabeko puntu eta aparte bat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!