Euskal Herriaren erakusgarria?

Erabiltzailearen aurpegia Igor Galarza Intxausti 2024ko eka. 21a, 08:30

Santu gutxi daudela, baina, herriak santutzat duena ere pekatuek salatzen dute. Ez da denbora askorik igaro Euskal Herria, Bizkaia, Durangaldearen zati handi bat Bilboko erreka horretara hurbildu zirela. Eta orduan ere hozkirria sortzen zuten hainbat kontu ikusi eta entzun behar izan genituen. Gernikar bat bere kuadrillaren berbak estali guran balkoira irten zen berba ederrak esatera. Eta ondo, e? Baina bueno, estali ezina zen panorama hura. Horrez gainera, testosteronaz hordi jai osoan. 

Beti pentsatu izan dut neure baitan egiten dugun guztia, Anbotoren barikuroko alea, kiroleko zutabea, irakurtzen ari zaren berau, erosketak non egin, zer partekatu sareetan… ideologikoa eta politikoa dela. Eta egia da, tamalez, futbolarekin gertatzen dena: gizartearen zati handi batek eguneroko arazoak ahazteko bide legez ikusten du futbola. Era berean, ordea, futbola publizitate legez ikusi beharra dago: zer dion badakizu, eta uste duzu ez dizula eragiten, baina benetan bai; berez zure ideiei, zure politikei eragiten die. Eta hor ailegatzen gara gure santuenganaino: San Simon, San Nicolas…

Bigarrenaren kasuan “gaztea da, ez du inguru euskalduna…” eta abarrez errugabetu zuten askok “euskara maila? Zero karkar” esan zuenean ñ-dun Españako futbol selekzioaren kontzentrazio batean zegoela. Athleticzale abertzaleek ere bai (badago abertzalea ez denik, ta tira, ez da azken aldia zutabean esango dudana, ez dakit zer espero duen jendeak horiengandik). San Simon izan da azken protagonista baina. Futbolari gutxi ikusi ditut Kylian Mbappek bezain argi berba egiten, faxisten aurkako gazte aktibazioa eskatuz bere kasuan. Ez da santu-santua izango hura ere, baina tira, ez da gutxi. Ba, han non agertzen den San Simon, hori ere gelditu guran. Futbolariak ez duela politikaz berba egin behar dio orain… Okinak ogia egiten daki, igerilariak igeri, eta musikariak musika. Baina denek eraiki nahi dute beraien etxea gura duten legez, edo behintzat ahalik eta ondoen. Ez dakit zer espero genuen bere aldetik, baina ultraeskuinaren aurka egiteko deiaren aurka dagoena, zer da? Erantzuna, zuen esku. Halere, eta ikusita zein agente ditugun okinari, musikariari, igerilariari eguneroko arazoak ahazteko bide, galdera egiten dut: Euskal Herriaren erakusgarriak dira?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!