Baina denok dakigu denon gustura antolatzea ezinezkoa dela. Beti egongo da nor edo nor jaiari hutsuneak bilatu gura dizkiona. Gauzak hobetzeko asmotik urrun, hutsune horiek sareetan “opina” aditzaren pean dauden taldeetan zabaltzeko, herritarren artean kexu pertsonala popularizatzeko. Jende hori, herriarengaitik ezer ere eman ez duena; edo are okerrago, irabazi propiora begira bakarrik eman duena.
Kexak beti egongo direla onartzen badugu ere, urtetik urtera harrigarriagoa da kexa moten maila. Ez du zertan jaietan izan bakarrik, baina jaietan bereziki bada. Udalak ez duela alkoholik jartzen bazkarietan, ekintza gehienak txosnagunean egiten direla eta ea zergaitik ez diren taberna inguruetan egiten, kartel bat euskara hutsean dagoela eta ea zergaitik ez den gaztelaniaz ere idazten… Hori guztia entzun behar izan dute aurten Abadiñoko jai batzordeek. Lagun batek hauxe esan zidan, eta erabat ados nago: jende batek beste jende baten ekintza guztiak politizatuak eta ideologizatuak ikusten ditu; orain, norberarenak herritarren funtsezko balioei eta bizikidetzari erantzuten dien ekintzak dira.
Abadiñoko gizartea oso anitza da eta kulturartekotasun horretan argi printzak ikus daitezke. Egia da alde guztietan dagoela beste aldeari mesfidati begiratzen dion sektore bat. Baina guztiok guztiontzat egiteaz ari garenean, betiko batzuek ez dute herria euskalduntzerik gura, feminista izaterik gura, beraien “askatasuna” urratzerik gura. Horrek guztiak zerbait urratuko balu legez. Herri honek ikasi behar du herriak ekintzak antolatzea gizartearen ezinbesteko printzipioa dela; auzokideak ekintzak antolatu bitartean sofan geratzea edo jaso beharreko zerbitzu legez ikustea, berriz, ideologikoa.