Aktore mordo bat aritu da eta dabil AP-1 errepidean barrena, gora eta behera proiektu txikienetik aukera handieneraino eskura izan ditzaketen lan guztiak pilatzen. Nahiz eta pilatu, gutxi pilatzen diren. Kulturan sektore gehienetan baino lan egun gutxiago dago, baita lan gutxiago ere. Eta, aldiz, kultur sorkuntzarik barik ez ginateke ezer. Euskal Herrian euskarazko kultur mugimendu handia dago zorionez (handia, bai, baina ez soberakoa), baina antzezpena atzean geratzen ari da, musikaren, literaturaren edo bertsolaritzaren aldean. Eta ez da Euskal Herrian errorik ez duelako, ez da aktore falta bategaitik, ezta kalitateagaitik ere… uste dut denok dakigula erantzuna.
Arazoak adibide asko ditu, azkena ‘Toure detektibea’ telasailagaz gertaturikoa. Kasu horretan, grabaketak Euskal Herrian egin baziren ere, telesaila osorik gaztelaniaz grabatu zen, RTVE-k lanean kolaboratu zuelako, besteak beste. Halere, EITBk harrotasunez erakutsi du sortutakoa, “primizian eta euskaraz” argitaratutako zeozer legez… bada, bai, euskaraz eskuragarri dago PRIMERAN plataforman… bikoiztuta, baina. Jon Arretxeren liburua euskaraz egina, euskal aktoreak, Euskal Herrian grabatu behar… eta gaztelaniaz. Orduan konturatzen zara berdin diola AP-1a zenbat aldiz hartu behar duten aktoreek, berdin diola zenbat lan dagoen; euskal garunen ihesaren beldur ginen sarri, bertako aktore onenek Euskal Herrian lan egiteari utziko ziotelakoan (Itziar Ituño kasu). Orain berdin dio, orain bertan ere gaztelaniaz egitera behartuta daude. Eta euskal kultura sustatzen ari direla esango digute. Ihes egin die aukera batek, beste behin. Ez diezagutela garuna jan…