2024 bat

Erabiltzailearen aurpegia Igor Galarza Intxausti 2024ko urt. 19a, 08:30

2024. bat. Bat, 2024 bat kontatzeko. Urtea hasi bezain pronto, musikagintzan agurrak eta “aspaldiko!”-ak ezagutu ditugu, input larregi ez ote daramatzagun 19 egunetarako. Taldekako kirol askotan erabiltzen den adierazpide bat da “sartzeko, lehenbizi ateratzen utzi behar duzu”, talde batean ez baitago gura besterentzat lekua. Ordea, sorkuntzan, eta batez ere euskal sorkuntzan, sartzen den oro da ongi etorria, eta agurtzen duguna penagaz agurtzen ohi dugu (badaude salbuespenak dena dela).

Agurtu ditugu Betagarriko kideak. 30 urte beteko dituzten urtean astindu dituzte azkeneko biderrez sokak, tronpetak eta bateria. Joan zen zapatuan Bilboko Kafe Antzokian egoteko aukera izan nuen, eta Igor umea berpiztu zen. “Zure ingurua” abesti gogokoena legez zeukana, “Txikia” goizero itzartzeko alarma legez zeukana. Iraganera salto egitea badakit zer den orain (zahartzen nabilenaren beste seinale bat). Gogoangarria izan zen talde gasteiztarrak ikus-entzuleoi eskaini zigun agurra.

Bestalde, Willis Drummondeko kideak ere agurtu ditugu. Aipatzekoak dira Jurgi Ekiza abeslariak Kazetarako egindako elkarrizketan esandakoak: “Diskurtso politikoa eta nazio diskurtsoa asko desagertu dira musikatik”; Talde askok erdi euskaraz eta erdi erdaraz egiten dute, esanez 'hau da nire errealitatea'. Hala, Willis Drummondek ere 10 kantatik 9 frantsesez egingo lituzke. Pentsatzen badugu musikan soilik gure errealitatearen isla izateko, azken finean, desagertuko gara”. Ekizak esandakoak erabat partekatzen ditut.

Joango da Gora Etorri. Agurra iragarri du Durangaldeko taldeak, eskualdeko musikarentzat beste lore bat zimeldu da. Autotunea eta ondo kantatzea uztartu dituen talde bakanetakoa. Eskerrik asko desfasea eragiteagatik!

Baina txanponak, edo biniloak kasu honetan, badu bere B alde bat pozgarria dena. Euskal Herriko ‘gentleman’ batek sorpresa eman zigun domekatik astelehenerako gauean. Disko bat, besterik ez. Gitarra bat, baxu bat, bateria bat, ahots bat. Besterik ez. Gorka Urbizuren beharra genuen, eta zelakoa gainera. Gentleman bati buruz berba egin badut, zer esan euskal ‘gentlewoman’-ari buruz. Anarik disko berria kaleratuko duela iragarri zuen, desiratzen nago bere lan berria entzuteko, erraietara begira jartzeko edota barrutik guztiak kanporatzeko. 2024 bat, sorkuntza urte bat baino gehiago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!