Erreferenteak

Erabiltzailearen aurpegia Igor Galarza Intxausti 2023ko aza. 24a, 08:39

Izan gaitezen zintzoak geure buruagaz: ez gaituzte hezten idolorik edo erreferentziazko artista zein pertsonaiarik barik aurrera egin dezagun. Txikitatik esaten digute “ikusten? Ikusten zure ikaskideak zelan antolatzen dituen koadernoak eta apunteak?” edo “ezinezkoa da futbolari, pelikula edo musika talde gustukoenik ez edukitzea”. Perfekzioaren obsesioak behartzen du norberak erreferentzia bat markatzea, norberarena edo komeni zaionarena.

Musikari dagokionean, talde erreferentzia garbi bat eduki dut (badut oraindik ere), baina atzo lau urte bete ziren taldearen “berri”-rik ez dugunetik. Taldearen zaleontzat hain zuzen berri txarrak izan ziren. 2011ko Durangoko Azokan ezagutu nuen gertutik taldea, Haria diskoaren aurkezpen akustikoan. Lagun bategaz joan nintzen ikustera, Ahotsenea beteta zegoen, eta gure 13 urtegaz pertsonen arteko zirrikituetatik sartu behar izan ginen. Han gertatu zenak gaurdainoko orbaina eragin dit. Orbain ederra. Makuluak, Non bestela, Iraila kantu puskak entzun genituen.

Handik gutxira argitaratu zen YouTube eta halakoetan diskoa. Laguna eta biok bata besteari kanta berriak erakusten aritu ginen, akustikoaren gozoa atzean utzi eta distortsioa hartu genuen beso zabalik. Egunero gindoazen ikasgelara kanta berri bat entzunda. Harrezkero, zortzi urtez, hainbat lekutan ikusi nuen taldea zuzenean. Baina denak du amaiera bat, baita Berri Txarrakek ere. Fiachrasen kantu batek dio: “Bihotza ematen duzun ia gauza denek huts egiten dute. Atzera begiratu besterik ez da egiten bizitzan zehar”. 

Halandaze, lehen zatiaren egiatik bigarren zatiaren egiari muzin egin guran, musika munduan erreferentzia berrien bila hasi nintzen, beharrik izango banu legez. Eta esan beharra dut kostatzen ari zaidala. Eta ez da ez dagoelako non aukeratu, ez da mamirik ez dagoelako. Beharbada 13 urteko Igorrek talde hura ezagutu zuen uneko zera horren bila dabil nire barne sena. Baina, era berean, nabaritzen dut noraezak lagundu didala musikaren mundu handian askotariko txokoak ezagutzen. Ez dut inolaz ere inguruko batzuek arakatu duten bezainbeste arakatu, musikaren mundua erraldoia baita. Baina goiz da, lau urte baino ez daramatzat dolua egiten eta…

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!