Orain dela aste bi hasi nuen ibilbidea Bizkaiko Bertsolari Txapelketan. Eta, hasi legez, amaitu. Ibilbidea hasi eta buka egun berean egin dezakeen arren, hileetako odisea igaro dezake bertsolariak. Udaberritik puntuen giroan sartzen da. Batzuok, hain zuzen, aurrekanporaketa bat ere igaro behar izan dugu. Aurrera egin genuenok udaberriko tentsioa baretzetik udagoieneko kirioak berriz dantzan jartzera igaro gara denbora gutxian. Bakoitzak bere helburuak jar ditzake: finalerdiak, finala edo, beste barik, gozatzea. Baina hilabeteak ari zara prestatzen egun bakarrerako. Gero, gaitasuna eta zorte apur bat baduzu, beste egun bat edo bi izango dituzu aurretik, baina bakar horretan saio on bat egitera derrigortuta zaude.
Oro har, bertsolariek, txapelketak daukan lehia kutsutik urrun bizi gura izaten dute. Bertsoa inoiz ere ez baita puntuetan epaitzeko sortua izan; txaloek, irribarreek, emozioek ematen diote balioa bertsoari. Baina, oraingoan ere, gure nahiaren gainetik jarri da errealitatea. Gehiegi baldintzatzen gaitu txapelketak. Eta ez da txapelketa bertsogintzaren muinean jartzen dugulako, txapelketek eta sariketek (lehiak, finean) gazteen zirkuitua osatzen dutelako eta horietan emandako errendimenduak plaza desberdinetatik deitzeko aukeretan eragiten duelako.
Txapelketaren estetikatik kanpo abestu gura duten gazte bertsolariak malkotan jausten ikusi ditut saio amaierako agurretan edo oholtzatik jaitsi ostean. Haserreak ikusi ditut, nik ere izan ditut. Bertso zirkuitu zabala eduki gura duen gazte belaunaldiaren errealitatea da: gugandik eta guretzako plazak sortzen jarraitu badezakegu ere, txapelketak pisu handiegia dauka gure egunerokoan. Txapelketan jarraituko duten gazteei, artean Durangaldeko bost, animoak. Ez dezatela puntuek agindu, behetik saiatuko gara txapelketa lagunarteko bihurtzen.