Diagon kalexka

Mundua orohar polarizatua dagoela ez da nobedadea. Polarizazio maila berri bat sortu dela esango nuke: imajinazioarena. Gizartearen zati bat imajinazioaren oso zalea da, maite du inoiz gertatuko ez diren kontuak kontatzea. Beste zati bat, ordea, ez da imajinatu zalea. “Zertarako hasi behar gara sekula gertatuko ez diren kontuetan pentsatzen?”, diote arrazoitzerakoan. Bada, animatzen zaitut hurrengo lerroetan imajinatzera.

Zure herrian zaude. Berrogei gradu, iluna eguna igarotzeko argia da. Zure herritik alde egin gurako zenuke, egun batzuetarako, baina ezin duzu. Ez da ez duzula gura, ezin duzu. Gelako lau hormek gertutik inguratzen zaituzte, konturatzen zarenera arte gelako lau hormak etxe osoan dituzun lau hormak direla. Diruz hordi zeundelakoan, egarriz hiltzeko zorian. Herriaren berri izateko modu bakarra atea zabaldu eta geroago igo beharko dituzun 55 eskailerak jaistea da.

Atera zara, gaur egun handia zure herrian, itsasora begira egongo dira herritarrak gaur eta datorren domekan. Txinatarrei barre egiten zenien eguzkitan guardasola erabiltzen dutelako. Orain ulertzen duzu zergatik den guardasola. “Bertara zoaz bizitzera? Beste herri batzuen ondoan, euskara dezente entzuten da bertan”, esaldia bueltaka duzu, baieztapen hori non egiaztatu ezinik. Itsasora begira egon beharko lukete herritarrek baina ez da horrela; beraz, zalantza egiten duzu: ez dago itsasorik, ala ibilian ikusten dituzun zombie izozkidunak ez dira herritarrak? Argi duzu erantzuna bigarrena dela; hortaz, herritarren bila zoaz. Alde zaharrera joatea erabaki duzu. Sarreran horma batean guardasolarekin “tak, tak tak” jo, eta horma mugitu da. Eta hara, herritarrak. Badirudi alde zaharra Diagon kalexka dela, “beste” herritik “urrun” dagoen kalea, muggle edo zombientzat ikusezina dena. Eskerrak Iggy Popek BBC-n duen podcasteko saio bat Brigade Loco talde gipuzkoarraren abesti batekin hasi duela, horrek salbatuko du herria.

Imajinatzera animatu zaitut, baina ez da fikzioa izan, egia esan. Domekan Donostiara joatea besterik ez duzu. Hiria zombiez beterik dago, baina itsasora hurbildu ahala, kolorez jantziko da. Kontxa ez ezik, Euskal Herria benetan koloreztatzen duten herritarren kolorez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!