Azken egun eta asteetan gertatutakoek biharkoari zelan begiratu jakin ezinda utzi naute. Alde batetik, azken Gailibrean aipatutako izurria dago: bueltan da hauteskundemia, kasu honetan globalizazioak eragindakoa. Lagun artean hainbat ideia jarri ditugu mahai gainean egunotan, bozkatu ala ez bozkatu, zer gertatuko den aurreikusi guran, nik emaitzen porra bat ere egin dut webgune batean… Argi eduki behar dugu gauza bat: globalizazioan sinisten badugu, eta beste estatuetan gertatzen denak Euskal Herrian eragiten duela uste badugu, ez gara zintzoak izango espainiar zein frantziar estatuko hauteskundeei bizkarra emanda bizi baldin bagara.
Beste aldetik, aste honetan jakin dugun albiste triste bat dago. Igela argitaletxeak jarduera etengo du. Horrelako albisteekin ohartzen gara Handia, Loreak, Errementari zein Irati oasi batzuk direla. Ez dira gure imajinazioaren proiekzio, baina bai proiektatu gura dugunaren imajinazio bat. Horrek guztiak euskarazko kulturaren iodopovidona (betadine, alegia) dira, baina zauriak gorputz osoa zeharkatzen du, eta ezin digute arindu mina. Ez ligukete arindu beharko. Behar ditugu delako filmak, baina are gehiago behar ditugu euskarazko bikoizketak, eta noski, Igelak legez nazioarteko liburu esanguratsuak euskaratuko dituen argitaletxeak.
Horrez gainera, ezin dezakegu ahaztu joan zen astean Espainiako Konstituzio Auzitegiak euskararen aurka egindako ebazpena. Euskararen egoera puntu honetaraino Espainian egon daitekeen gobernurik progresistenagaz heldu bada, ez dut imajinatu gura zer etor litekeen faxismoagaz. Aste garrantzitsuak datoz gure hizkuntzarentzat eta lurraldearentzat datozen 25 urteetara begira.