Batek daki zelako uda datorkigun; etor liteke iazkoaren antzekoa, berrogeitaka gradu, hezetasuna, zerutik datorren ur tantarik ez… Edo gerta daiteke guztiz bestelakoa izatea, egun batean beroa, hurrengoan euria, hurrengoan espaloiak urtzen, hurrengoan Anboto zuri… Tira, zaila da pentsatzea bigarrena gertatuko denik, baina neguak eta udaberriak argi utzi digute hori: ezin dugu jakin zer datorren bihar.
Meteorologoek zail izango dute lanpostua mantentzea laster, hamar egunetik behin asmatuko baitute zer eguraldi egingo duen. Joan zen astean Anboton oso elkarrizketa interesgarria irakurri nuen, bi meteorologori egina. Probabilitatean oinarritutako pronostikoak egiten dituztela zioten. Nik probabiltitate bat aztertu dut udaberrian: jendeak bero eske eta euria denean kexaka jarraituko du. Ez gara ohartzen Euskal Herriaren iparraldean zortedunak garela. Altsasutik behera joatea besterik ez dugu ohartzeko uda apirilean sartu zela hegoaldean. Urtea hasten dugun bezala amaituko dut gaur testua: uda euritsua izan dezazuela guztiok, badugu horren beharra eta.