Hauteskundemia

Erabiltzailearen aurpegia Igor Galarza Intxausti 2023ko mai. 26a, 08:18

Esnatu zara, egunero legez. Logelako leihotik argi izpi bat sartzeko esperoan hurbildu zaizu besarkada eske euri tanta bat. Ez diozu ukatu, baina leihoa itxi duzu, ez zaude hainbeste besarkada emateko gogoz. Altxatu zara, euri tantaren agur negarra agurtu duzu, eskua izterretik pasatzean. Bazoaz ezkaratzera, irratia isiotu... eta 2020ko martxoaren 15a gogoratu duzu. Alarma egoera ezarri zuten orduan, eta gaur irratitik beste egoera bat iragarri dutenean egutegira begira geratu zara, hasperen egin duzu, badakizu zer datorren: maiatzaren 12a da.

Bost minuturo iragarki bat, maiatzaren 28an zer egin behar duzun esaten dizun iragarkia. Kalera irten zara, autobusa hartu behar duzu lanera joateko. Geltokiko panel handietan ere agertzen dira M-28an hartu beharreko neurriak. Igo zara autobusera, eta alboan doazen lagun bik kutsatzaile aurpegia dutela igarri diezu. Badaezpada, ez kutsatzeko entzungailuak jarri dituzu. Heldu zara lanera. Momentuz, salbu. Lankideen artean hasi zarete berba egiten, aldaera berri bat sortu dela Abadiñon, Durangon... eta aldaera horietako bat duten susmoak piztu zaizkizu. Zuk txertoa jarrita duzu, baina beldur zara zure ingurukoek ez ote zaituzten kutsatuko...

Maiatzaren 26an gaude. Txertoak funtzionatu dizu, aldaera berriek beraien bidea egin dutela ikusten duzu, baina izurria zure zainetan dabilen zomorroa protagonista izango delakoan zaude. Gaur zomorroek beraien agerraldia egin gura dute, ea beste zain batzuetan hedatzea lortzen duten. Batzuek parrillada, beste batzuek beraien familiako birus nagusiaren mitina... Denerik egingo dute igandean izurria beraiena egin dezaten. Eta gero negazionistak daude, dena antzerkia dela diotenak, zomorro guztiak berdinak direla azpimarratzen dutenak. Momentu batzuetan zuk ere sentsazio hori izaten duzu. Baina gero konturatzen zara antzerkia aprobetxatzen dutela antzerkia egiteko.

Zer den hauteskundeen pandemia; parte hartu gura ez dutenek parte hartu gura dute ez dutela parte hartuko esateko. Ez dakit zu, baina ni astelehena ailegatzeko gogoz nago. Bakoitzak ikus dezala, nik leihoa zabalik daukat, euria egiten badu ere, egingo baitu, ez dut eguzkiaren izpia agertzen deneko momentua galtzerik gura.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!