Jesukriston heriotza

Erabiltzailearen aurpegia Igor Galarza Intxausti 2023ko mar. 31a, 08:30

Euskal Herrian ez dugu atsedenik. Jaia gustatzen zaigu. Ez naiz kexatzen eh, ea "lelopoltsas" bat izan behar naizen, baina tira, ez dugu jaiegun gehiagoren beharrik berez (denak ondo etorriak!). Hala ere, ezagun bati entzun diot egunotan: “Jesus jaio zen eguna ospatzea ez, baina hil zen eguna, hori bai ospatu behar dugula!”

Martxoaren amaieragaz eta apirilaren hasieragaz, beste behin, hamaika ekitaldi berezi izango ditugu gurean. Badago martxoa Legebiltzarrean gaztelaniazko reggaetoiaren erritmora dantza egiten amaituko duenik… Herriaren duintasuna beste era batera defendatu behar dugula deritzot. Gaurtik hasita. Abadiñarra naiz eta ez dut nire herrian horrelako lanketarik bizi izan, ez dut 1936ko eta 1937ko bonbardaketen memoria durangar, otxandiar edo elorriar askok bezainbeste bizi. Gaztea naizen aldetik, gaurdaino memoriaren izenean egindako lanketa miresten dut, herrietako gazteek badakite nora jo beraien herriari buruzko kontakizunen berri izateko, hura bizi izan zuten senideak denok baditugu ere. Gaurko eguna gorriz markatzea ez da lanik egin barik lortu.

Bestalde, apirila gogotsu hasiko dugu pilotazaleok. Iñakik esan ditzala esan beharrekoak ‘Jokaldia’ zutabean, baina Mallabitik eta Zornotzaraino, Durangaldea telebistara begira egongo da domekan, ez dut zalantza izpirik.

Horiekin guztiekin gutxi ez balitz, eta Jesusen heriotzaren dataren bueltan, Gazte Topagune bat antolatuko dute Elorrion. Inguruko asko nostalgiaz begira daude topaguneari, orain dela 21 urte bizitakoak gogoratzen hasiak dira. Konturatzen hasi dira 21 urte beraien bizitzaren erdia dela AKA (Also Known As ingelesez), zahartzen ari direla. Ni ere euren erritmo berera zahartzen ari naiz. Lagun batek esan dit ziklo bat zarratuko duela. Hori du gizakiak: dena bizi du ziklo bat legez, eta ezin du delako ziklorik zarratu barik utzi.

Hiru egun frenetiko izango dira, eta hor geratuko balitz tira, baina domekan beste zita garrantzitsu bat dugu: Aberri Eguna. Azken urteotan hainbeste arrakala sakon sortu dira Euskal Herrian, ez baitakit autoengainatzen ari garen ala ez. Aste baten laburpena egin dut, baina Jesusen Biblia baino luzeagoa izango delakoan nago. Egongo gara, bizirik banago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!