Izan ere, astelehenean ikastolako irakasle izan nuen Idoiak hemeroteka hori apur bat aberastu zidan. Zortzi urte nitueneko argazki eta bideo batzuk erakutsi zizkidan… alde batetik gogoratu nuen zergatik ez dudan hemeroteka handirik, lotsatu egin nintzen otsoak babesteko argudioak ematen ari zen Igor mutikoa ikusten. Bestalde, grazia egin zidan neure burua berbetan entzutea, ume doinu asko entzuten ditut baina ez nuen neurea gogoratzen, eta asko poztu ninduen.
Ai ene, harira, kontatu behar dizuedanera. Bilbora bidea, Miribillatik jaitsi eta taberna argentinarretik pasatzean… argentinarra-edo, egia da azken aldiz joan nintzenean zegoen zerbitzaria gutxienez zarauztarra zela. Ez dakit zergatik, baina pertsonok gauzak ezagutu genituen modura gogoratzeko ohitura izaten dugu beti. Argentinar batek zerbitzatu ninduen lehen aldian, baina harrezkero ez dut hura ikusi. Berdin dio. Argentinarra da. Lagun baten neba-arreba gazteari “Sarita” edo “Martintxo” deituko diogu, 40 urte dituenean ere bai. Traña-Matienako Bedats taberna zenari beti deitzen genion “irlandesa”, lehenago taberna irlandar bat zegoelako. Iruditzen zait ohitura horrek argi adierazten duela zera: inoiz ere ez gara egoten guri eragiten ez digun aldaketa baterako prest, eta ez gara konturatzen batzuetan gu aldatu ezean, aldatu gura duenak ez duela lortuko aldatzea.
Bueno, esaten ari nintzena. Argentinarretik igarotzen ari nintzela ospera! Konturatu barik orrialdearen oinera hurbiltzen hasi naiz, ez dut leku nahikorik gura nuena kontatzeko… tira, behintzat izango dut hurrengo aldirako zer kontatu. Saiatuko naiz nire manerak aldatzen, beti ere zuek laguntzen badidazue.