Elkarrizketatzailearen lana deitoratu eta kritikatu zuten askok. Sarri jarri naiz pentsatzen harrezkero. Elkarrizketatuak esandakoek zerikusi handia dute galderen bilakaeran. Hain justu, hurrengo egunean Ibai Iztuetak emandako berbaldi batean esan zuen esaldi batek inkontzienteki bete-betean jo zuen gaian: “Galderak sarri eginak daude tranpan erortzeko eta galdera egiten duenak gura duen lekuan kokatzeko”. Eta hori gertatu zela uste dut.
Eta argi! Tranpa egiten duena ez da beti tranpatia. Galderen egokitasunari buruzko debateari ekiteko, jakin behar dugu nork jo zuen norengana, eragileak hedabidera ala hedabideak eragilera. Edozelan ere, elkarrizketaren lehen zatian elkarrizketatuari interesatzen zitzaion edukia lantzeko abagunea eskaintzen zion. Egia da elkarrizketaren azken zatian gai ugari aipatu zirela, zeintzuetan GKS-k konfrontazioak dituen. Hor dago komunikatiboki zer zabaldu gura den jakitearen garrantzia. Elkarrizketatuak esperientziarik ez badu ere, helburuak bereziki ondo finkatuta izan behar dituela deritzot, eta hori bere ingurukoen lanketa bat da, alor komunikatibokoena.
Berriaren guraria izango balitz elkarrizketa hori egitea, galderei ez erantzutea errazagoa litzateke beharbada. Futbola adibide: Polemika bat badago, kazetariak futbolariari galdera egingo dio, eta futbolariak ez badu ezer ere esan nahi ez du esango, eta esaten badu aurretiaz dagoen komunikazio lanketa baten akatsa da. Baina badut ustea (baliteke erratuta egotea) GKS-rena zela guraria, eta orduan datorrenari erantzun behar. Nork egin duen gaizki? Ez dakit. Nork ekidin zezakeen egoera? Badakit.