Iruñea. Atarrabia. BEC

Erabiltzailearen aurpegia Igor Galarza Intxausti 2022ko abe. 16a, 07:30

Ordena horretan. Futbol jokalari batek bere lehentasunak modu horretan azaldu zituen. Eta nire lehentasunak ere horrela ordenatzen hasi naiz. Euskal kulturak bizi ditzakeen egunik handienetakoetan sartuta gaude. Eztandak olatua egin eta Durangoko Azokaren gainean surf egiten ibili ginen asko eta asko joan zen astean. Oraingoan hiru zita ditugu, bat urterokoa eta bi historikoak. Has gaitezen gaurtik, zutabe hau idaztera ekarri nauenetik. 

Ez zirela itzuliko esan zuten hainbat bider. Amaiera giro intimo batean izango zenaren zurrumurrua, zurrumurrua baino gehiago zen hasieran. Rock’n Rollak ez zuela dirurik emanen esaten zuten. Askotan erabili den esaldi bategaz laburtu nezake nire iritzia: Nola aldatzen diren gauzak, kamarada. 90eko hamarkadan nerabe zein gazte izan zirenei ilusioa egin die Hertzainaken itzulerak, egingo ez die ba! Eta badakit asko egongo direla desados nire iritziagaz baina, asko sakondu barik, argi dago Rock’n Rollak dirurik ez balu emango ez litzatekeela itzulera hau gauzatuko. Ez diot musikariengaitik, atzetik dauden agentziengaitik baizik. 2019an itzuli baziren, beharrik zegoen hau egiteko? Tira, hor laga dut galdera.

Uste dudana da, hain zuzen, zapatuko bigarren BEC-tekadaren bila asteburuko bigarren ekintzari, urterokoa denari, onurarik behintzat ez diola egingo. Kontzertuak iragarri bezain laster etorri zitzaidan burura: “Hatortxu Rock-en egun berean? Zergaitik?” Pena da, eztabaidatu daiteke bi ekitaldien publikoaren zati bat berbera den ala ez, baina urterokoa urtero egonda… bazegoen beste datarik aukeratzea. Baina agentziei, bost axola. 

Asteburu ezin intentsoagoa bukatzeko, final historiko bat izango du Bertsolari Txapelketa Nagusiak. Lehen aldiz, hiru emakume egongo dira finalean. Nafarroa Arena txiki geratuko da. Batzuk zuzenean arituko gara bertakoak kontatzen. Espero dut inoiz kontatu ez dena kontatu ahal izatea, onerako noski. Finalista bategaz topo egin nuen joan zen astean azokan, eta ezin zuen ezkutatu kirioak dantzan zituela. Barrua zirraraz bete behar duela esan nion, ez arduraz. Asteburuak horrela harrapatuko gaituelakoan nago, zirraraz. Ni Atarrabiatik Iruñera ibiliko naiz asteburuan. Eta zuk, zer mix egingo duzu?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!