Bost urteotan gauzak ikaragarri aldatu dira, edo sentsazio hori dut behintzat. Tira, denontzat ez hainbeste, Igor Elortzak orain dela bost urte Kargak eta Deskargak taldeagaz bira egin zuen, eta orain disko bat aterako du (anonimo popularra bera zela ez zekienari barkamena eskatzen diot, ‘spoilerra’ egiteagatik). Baina hari ere heldu zitzaion txapelketari agur esateko garaia. Eta bost urtean bertsolari asko izan dira pauso bat albora eman dutenak eta txapelketen bideari agur esan diotenak. Horren ifrentzua aurpegi berriak ditugula Txapelketa Nagusian, eta bi Durangaldekoak.
Pena hartu genuen txapelketaren lehenengo asteburuan. Gorka Pagonabarraga debutariak eta Miren Amurizak ez zuten eurena eman, eta finalerdietara sailkatzeko aukerak ihes egin die. Durangaldeko hirugarrena Aitor Bizkarra da, beste aurpegi berria. Domekan izango du bere txanda. Aurrera egiteko aukerak ditu, baina txapelketan pausoak helduleku finko bati helduta eman behar dira badaezpada; edozer gerta daiteke, alegia.
Gureez gainera, badago aurpegi berri eta ez hain berririk, zeresana emango dutena. Ane Labaka, Joanes Illarregi, Saioa Alkaiza eta Nerea Ibarzabal, esaterako. Bizkaiko txapeldunak saio handia egin zuen joan zen zapatuan Gotaine-Irabarnen (Zuberoa). Finalerdietan dago jada, eta oraindino gauza asko esateko dituela pentsatzen dut. Ikusiko dugu Nafarroa Arenara (Iruñea) ailegatuko den ala ez. Bertan beste istorio bat izango da. BEC atzean utzita, ia 14.000 pertsona egongo dira txapeldun berriaren zain. Faboritoa nor den badakigu, baina auskalo, helduleku finkorik ez baita nahikoa izango txapelerako pausoa emateko, eta badakizue, edozer gerta daiteke. Porrak egiten txarra naiz, baina nik gaurdanik diot: bizkaitar bat gutxienez finalean egongo da, eta… argi ibili.