Asteburuan hondartzara joan naiz. Hondartza eta ni, zelan esan… ez gara munduko lagunik handienak. Eguzkiak eta hareak osatzen duten bikotea eskasa da nire ongizaterako. Zer esanik ez haizea gehitzen bazaie. Eskerrak ura alde dudan, ostantzean planetako lau elementuak kontra izatea ez da kontu erraza bizi gura baldin baduzu. Heldu ginen Lagako hondartzara, eta bikotekideak nire salbazioa izango zena atera zuen kotxetik: itzalkina. 220 zentimetroko diametroagaz. Badaki eguzkiaren kolpeekin marmarti bat bihurtzen naizela, eta badaki bera ere "señoratu" egin dela.
Heldu ginen haretara. Erre egiten zuen, suzko bola madarikatuak ile bazterretatik zukua ateratzen zuen aldi berean. Iltzatu genuen itzalkina, baina haizea jostari zebilen, eta aterki erraldoia airean ateratzeko prest zegoen. Gurea ez ezik, hondartzako gainontzekoak ere bai. Baina, tira, bukatu zen infernua. Etxera. Gutxi ez, eta hurrengo egunean lagun batek hondartzara joateko plana proposatu zidan. Bere laguntasuna zalantzan jartzeraino ailegatu nintzen.
Ez dut biologo, ekologo edo dendrologiako aditu paperik hartuko, baina joan zen astekoak lako egunetan konturatzen gara zeinen beharrezkoak diren zuhaitzak herriguneetan. Zuhaitzak, eta berdeguneak. Libe Mimenzak aitortu zuen aurreko asteko zutabean “inertzia termikoa” bilatu zuela interneten. Nik “zuhaitzen eragina tenperaturan” bilatu dut, eta zera dio: “Zuhaitzek 10 gradu inguru jaits dezakete tenperatura”. Ez da aditua izan behar eguzkitik ihes egiteko modurik onena itzala dela jakiteko, ezta itzalik onena naturak eskaintzen diguna dela jakiteko. Ez da tenperaturagatik bakarrik. Zaindu itzazue zuhaitzak, abuztua bihurgunez beterik dator eta. Zuhaitza da itzalkinik onena.