Garagarrila: Garagarra uztatzeko hilabetea dela-eta deitzen omen zaio uztailari garagarrila edo garila Bizkaian. Ez zen batere leloa berba asmatu zuena. Badirudi bazekiela udako hilabeteagaz batera zer etorriko zen: herrietako jaiez eta, hortaz, garagardoz beteriko 31 egun. Pandemia baten ostean edozeinek asmatuko luke horrelakoa izango genuela.
Iparraldismoa: Hain zuzen ere, uztailagaz batera Euskal Herria Zuzenean musika jaialdiak ateak zabalduko ditu Irisarrin (Nafarroa Beherea). Lehen aldiz bertan izango naiz. Gogoa nuen, mistikotasun eta handitasun puntu bat du. Asteburuan ezagun bati entzun diot Ipar Euskal Herrian antolatzen diren ekimenei puntu hori ematen dietela hedabideek eta euskal herritarrek. Ez ditugu berdin ikusten Herri Urrats eta Ibilaldia; ez ditugu berdin ikusten EHZ eta 40 minutu rock jaialdiak; ez diegu arreta bera jartzen Leitzako euskalkiari eta Baigorrikoari. Ez dakit zenbat duen egiatik, eta ez dakit zenbat duen beharretik, baina kezkatzen nau euskalgune batzuk “gehiegi” zaintzeak. Euskal Herrian zaintza beharra dago, baina zaintzea edo bultza egitea desberdina da.
Dinosauroa: Euskal Herria diodala, Bertsolari Txapelketa Nagusirako sarrerak hartzeko pazientzia ezinbesteko osagaia zen. Euskal Herria zain egon zen Bertsozale Elkartearen webgunea konpon zedin, urte osoan deitu ez ditugun gertukoei idazten jardun genuen denok, ea gure sarrerak erosi zitzaketen. Bitartean webgunera sartu ezin zinela abisatzen zuen dinosauroagaz jolasten aritu ginen batzuk…
Txapalatari: Baina ez da Gotaine-Irabarneraino joan beharrik bertso eta kopla onak entzuteko. Abadiñoko Mendiola auzoan giro zoragarria egon zen joan zen zapatuan, gazteak eta gazteagoak nor baino nor gehiago txapalataren bila. Leku askotan jaiak baziren ere, ez zen falta izan koplarik, giro ederrik eta garagardorik.
Hara, garagardora itzuli gara. Gaien pot-pourri honekin hasi eta Buckler batean sartzen zara (barkatu txistea, markak ez dit ezer ordaindu). Dena baita festa. Ahaztu da edozein kezka. Bazen garaia, ezta?