Ni ez naiz aldatuko (esan zuen...)

Erabiltzailearen aurpegia Igor Galarza Intxausti 2022ko mai. 27a, 10:55

Igorrek. Bai, nik esan izan dut ez naizela aldatuko. Esaten nien lagunei, esaten nien bizitzako gomendio moral eta filosofiko guztiak ematen zizkidatenei, eta, batez ere, esaten nion neure buruari. Ez naiz bakarra izango hori esanda dagoena, eta ez naiz bakarra izango norbere berbak jan behar izan dituena.

“Ez naiz aldatuko” esan nuen unibertsitatera sartu nintzenean. Uste dut unibertsitatetik atera zen Igorrek belarritik tira egingo liokeela bertara sartutako Igorri. “Ez naiz aldatuko” esan nuen Mexikora Erasmus egitera joan orduko. Eguzkiak ilundutako azaletik zeukanetik hasi, eta edonora 5 minutu lehenago heltzen zena 10 minutu berandu ailegatzen zen Igorreraino aldatu nintzen. “Ez naiz aldatuko” esan nuen bikotekideagaz hasi berri. Nire musika, nire txisteak, nire jakintzak bere egin dituen bezala, neure egin ditut bereak.

Ibai Zabalak orain dela aste bi Lauhortzako zutabean idatzitako ‘Traña, alajaina’ artikulua datorkit burura. Gure auzoko kultura tabernaren eta festaren bueltan oinarritzen denik ez dut esango, baina bultzada handi bat ematen ez dionik ere ez. Eta taberna zein festa giro horietan aldaketak igartzen hasi naiz. Egun batean, tabernan geunden gazteok tabernariak jarritako futbol partidua kendu eta pilota partidua jar zezan eskatu genuen. Ez nuen espero bertan zeuden gazte haiengandik pilota futbolaren gainetik jartzea.

Antzeko zerbait gertatu zait niri. “Bertsolari hau ez zait sekula gustatuko” esaten nuen, eta gaur egun gogokoenetarikoa dut. “Ez zait sekula gustatuko Dupla, Zetak, Nogen… Hori eta hura beti izango ditut neure gustuko” esaten nuen. Ba, gustatzen ez zitzaizkidanen disko eta kanta guztiak ez ditut gogoko, gustoko ditudan taldeak askorik aldatu ez diren bezala. Baina ari naiz kamaleonizatzen. Eta nire talde gustukoenaren abesti batek dioen legez, “ni ez naiz aldatuko (esan zuen kamaleoiak)”.

Demagun, kultura batek esango baligu ez dela inoiz aldatuko. Ni, garai batean, horren aldekoa nintzen. Kultura, ohitura, pertsona zein kolektibo orok, ordea, aldaketa konstantea behar du, orekari euts diezaion. Aldatzea derrigorrezkoa da, aldatu gabe irautea, ezinezkoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!