Erabakiak

7:30 dira, oheratu aurretik dutxatu nintzen aspaldiko partez, nire ohiturek goizetan dutxatzera naramaten arren, beraz goizean ez naiz berriz dutxatuko; beraz, 15 minututxo gehiago lo. Kaka, 8:00ak. Eta anaia eraman behar dut ikastetxera, 8:15erako. Berandu goaz, nire erruz. Lanera heldu naiz, eguena da, beraz gaur berandura arte lan egitea tokatzen zait. 16:15, eta bazkaldu barik.

Atera naiz lanetik, herrigunetik joango naiz etxera ala N-634 ezagunetik? Tira, goazen Durango zeharkatzera, beste bidetik ziur mantso doala trafikoa. Kaka, ikasle talde bat zebra-bidean. Kaka, autobusari irteten laga beharko. Agureak ez dit bada kobrarena egin orain, eta ni gelditu ostean pasatzeko esan? Kaka. Bide okerra hartu dut bada. Gosea areagotu zait bidean. Aita galdezka ea txipiroiak ala legatza gura dudan. Legatza gozoa egiten du... baina nire janari gustokoenetarikoa dira txipiroiak. Berotzen jarri ditut, ogia saltsan busti... Kaka. Gaziegi dago.

Gosearen gosez jan ditut, zeozelan. Logura naiz. Siesta egingo dut? Gauez espero dut garaiz lokartzea... lo pixka bat egingo dut, baina ez berandura arte, bilera dut 18:00etan-eta.17:58, kaka. Zapatilak jantzi eta korrika. Arnasestuka, barkamena eskatu ahala agurtu ditut denak. Bilera amaituta, etxera itzuli naiz. Agian zerbait jango dut ohera joan aurretik, bestela sabela orroka edukiko dut gau osoan. Eguerdiko legatza jango dut. Ederra dago. Piuf! Betekada latza. Oheratu naiz, baina ohean kabitu ezinik. Tripako dena gora etorri behar zaidan sentsazio etengabe bat dut. 01:00ak eta ezin lorik hartu, bihar 7:30ean esnatu behar naiz, dutxatu behar naiz...

Ez dut metodologian, zorian edo destinuan sinesten; baina metodikoa naiz, zorte txarra dudala esango nuke, eta destinuak zerbait ona zor didala uste dut. Kapitalismoari botako nioke gustura asko errua, baina horiek guztiek jatorri bera dute: erabaki txarrak hartzen ohituta nago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!