Artearen kontzeptuaz

Erabiltzailearen aurpegia Igor Galarza Intxausti 2022ko ots. 25a, 09:15

Artearen kontzeptua ukigarria bezain ukiezina da. Disko bat uki dezakegu, liburu baten orrialdeak uki ditzakegu, margolan bat… Baina gugan edo sortzailearengan sorrarazten duen ‘zera’ hori ukiezina da. Sortzaileak artea egiten du maite duelako, kazetariak albisteak idaztea maite dezakeen bezala.

Bertsolaritzaz mintzatu zen EKIDA Sozialisten Kultur Ekimena duela aste gutxiko editorial batean. Bertan zioen bertsolaritza merkantilizatu egin dela: “Garai batean afari eta ostatu truke kantatzen zuena, saioetako katxetaren truke kantatzen zuena bihurtu zen pixkanaka”. Horrez gain, Twitter-en horrela zioen Manifestua EKIDAren ikuskizuneko partaideetako batek: “Bertsolaritza lana da, noski, baina horrek nahitaez soldatapeko lana esan nahi duela pentsatzea marko kapitalistan hesitzea da. Soldatasistema ez da artea antolatzeko modu bakarra izan beti eta ez du zertan izan gerora”.

Afaria eta ostatua bera ere ez al dira, ba, ordainsaria? Uler daiteke bertsolaria bidaian galtzen atera ez zedin eskaintzen zitzaizkiola. Baina horren zein ezerezaren truke bertsotan egitera gonbidatzerako orduan merkantilizatzen da arteagaz eta bertsoagaz: giza kapitalaz baliatzen da eskatzailea, onura propiorako, bere ostatuan antolatuko duen afari batera jendea hurbildu dadin eta dirua irabazteko, zein gozamen pertsonalerako.

Bideraezina da “soldata-sistematik at” geratu beharraren diskurtsoa (bidenabar, diskurtso asko dago, baina praktika gutxi). Bertsozale Elkarteak duen ordainsari mailakatuaren sistema bidezkoa den ala ez berba egin daiteke. Baina bertsolariak bertsotan egiteko egin behar duen lana ez balitz saritua izango, bertsolariak benetan gura duenean egingo luke bertsotan, seguruenik konfiantzazko inguru batean beti, kazetariak albisteak ingurukoei bakarrik kontatu eta idatziko zizkiekeen legez. Eta hori atzerapauso bat izango litzateke, batez ere bertsoak irautea gura baldin badugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!