Badaude, ordea, aitzakia onak. Eta ez naiz ari zapaturo parrandan ateratzeko behar ditugun estimulu horiez. Normalean aitzakia horiek beste norbaiti sorpresa emateko helburuagaz sortzen dira, aitzakiaz harago doan zerbait esan gura diozulako. Seguruenik Gabonetako bazkarian edo kintadan existituko ez den elkartasun bat sortuko da. Sorpresa jaso duenak momentu horretatik aurrera zor bat du, jaso beste eman beharraren zorra. Kasu horretan, ederra da zorra, alde biak betetzen dituelako. Batek jaso izanaren pozak bestearen emanari zentzua janzten dio.
Aitzakiak ez direla behar errepikatzen dugun arren beti gaude bateren bat edukitzeko zain. Bidaia luze baten osteko itzulera, bizitzako etapa berri baten ataria edo amestutako lan bat eskuratzea. Bada, aitzakia ederrak dira horiek zoriontzeei protagonismoa kendu eta garena baloratzeko. Horrek betetzen gaitu gehien, eta ez dugu zertan data berezirik itxaron. Egun oro da desberdina, ez itxaron betiko aitzakia zaharrei, eta sortu berriak.