Errepikakor

Erabiltzailearen aurpegia Igor Galarza Intxausti 2021ko urr. 29a, 08:30

Gorrotoa lagun txarra dela diote. Elkarbizitzari kalte egiten diola, kritika eraikitzaileak saihesten dituela, zuzena ez den bidetik eramaten gaituela… bada, aizu, ni gorrotazalea naiz. Eta gehien gorroto dudana hauxe da: gauza bera etengabe errepikatzea, mezuan inongo aldaketarik egin barik. Eta amorrua sortzen dit mezu horrek funtzionatzea. Egoerak, testuinguruak aldatzen baitira, baina mezu bera botata, jendeak oniritzia ematen jarraitzen badu, seinale gizarteak ez duela aurrera egin. Asko kexatzen gara eskuindarren mezuak 40 urtean aldatu ez direla; baina ez da etxe arrotzetan gertatzen soilik.

Izan ere, musika estilo zehatz baten inguruan hainbat gazte taldek arrakasta izan dute urteotan, gazte topagune guztietan joz, gaztetxeetako programazio handienetan agertuz zein aretoak betez. Arazoa dut talde horiekin, askok abestietan botatzen dituzten letrak oso errepikakorrak direlako (melodiez ez dut berbarik egingo…). Ezagun bati entzun nion jolas bat zeukatela kuadrillan: aipatzen zuten berba errepikakor jakin bakoitzeko, trago bat hartzen zutela. Mozkor itzela hartuko zuten jolasagaz!

Ez da posible jendetza baten aurrean aldarri kutsudun betiko lau berba etengabe abestuz eragitea. Barkatu, baina hori ez da mezu bat zabaltzea. Badaude manera asko askatasuna, elkartasuna eta Euskal Herrian hizpide historikoak izan diren gaiei eusteko. Baina betiko berbak behin eta berriro erabiliz gero, abesti batek dioen legez, berbak itxuraldatzen dira, esanahia ahazten eta zentzua galtzen dute. Haize berria opa dut, musikan zein estilo horren baitako sorkuntzan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!