Garaiak

Erabiltzailearen aurpegia Igor Galarza Intxausti 2021ko ira. 24a, 08:34

Ez dira betiko garai onenak. Azken finean — gutxi ikasi eta asko ahaztu dugun — gizaki hutsak gara. Asko dira garai zaharrera bidea egin gura dutenak, eta asko garai berrian zoriontasuna aurkitu dutenak. Bada, ni bigarren taldean nago.  Bai, oso pozik nago. Pozik nago, uda bukatu delako (badakit asko gorrotatuko nautela), pozik nago udazkena etorri delako, eta horrek agian gehienei malko bat isuriarazi, niri irribarre bat atera dit.

Izan ere, irailagaz batera etorri dira Xilabako, Nafarroako eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketak. Eta agian “bertsofrikia” ez denak ez du inongo aldaketarik izango bere egunerokotasunean. Baina bagara gutxi batzuk datozen hilabeteak urduritasunez, zer eta nola gertatuko zain, irrikagaz biziko ditugunak. Batzuok oholtza gainetik gozatu (eta sufritu ere bai) ahal izango dugu. Hori pentsatzeak momentu batez oinak behearen gainetik pare bat zentimetro hegan daudela legez jartzen nau. Baina ez dut gehiegi pentsatu gura, ea garaiera garaiegia hartu behar dudan eta Garai eta Abadiñoren artean dagoen garaiera aldearen tamainako ipurdikoa hartu behar dudan.

Gainera, Durangaldeak emango dio hasiera Bizkaiko txapelketari. Ibaizabal ibaiaren norabidean, Durango hasteko eta Elorrio osteko, Bilboko Miribillaren marabillaraino helduko da txapelketa. Ea ibaiak berea egiten duen, eta eskualdeko ordezkaritza badugun hiriburuan! Eta eskatzeagatik...

Ez dira betiko garai onenak. Baina barealdiaren osteko ekaitza leuntzen lagunduko digunik bada. Busti zaitezte, gozatu datorren euri jasaz — kulturalaz ari naiz, noski —, baina ez ahaztu guardasola!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!