Sutara

Erabiltzailearen aurpegia Igor Galarza Intxausti 2021ko eka. 25a, 08:29

Suak zerbait badu, metaforetarako eta sinbolismorako erabilera zoragarria duela da. Sua bera, formaz, ederra da. Gauza gutxik du berak baino dotorezia handiagorik. Ezerk ere ez beharbada. Aste honetan sua izan da protagonista, zalantzarik barik. Su gozoetatik, su mingarrietaraino.

Egun bereziak beharko lukete ekainaren bukaerakoak. Aurten San Musukok hartu du protagonismoa: Izan ere, artikulu hau argitaratu eta ordu gutxira, jendeak irri handi bat zein tristurarik tristeena erakutsi dezake kaleetan.

Durangaldeko txokorik ezkutuenean ere su txiki bat piztuko litzateke orain dela urte bi. Pertsona bakoitza bere trapu eta kontu zaharrak eta txarrak sutara bota, eta txinparten gainetik pasatuko litzateke.

Aldiz, su gehiago (gehiegi) piztu izan dira azken egunotan Durangaldean, zeintzuetan trapu eta kontu zaharrak eta txarrak agertu diren. Stonewalletik (New York, AEB) Basauri eta Zornotzaraino. Gure eskualdeko herrian sexu-eraso eta eraso homofobo bana salatu behar izan ditu herriak.

Ez dakigu 1969a baino lehen zer eragin izango zukeen, baina 2021ean ekainaren 28a edota martxoaren 8a horren ezinbestekoak izatea, gizarte osoa San Juan suetara botatzeko modukoa den adierazle da. Are gehiago Madrilen VOX talde ultraeskuindarreko Rocío Monasteriok, bere lagun diren Talde Popularreko kideei LGBT legea indargabetzea eskatu diela jakin ostean. Gogoratu: EAEn ordezkapena dute, eta Ipar Euskal Herriko departamenduetako bozetan eskuinak irabazi du. Zornotzan gertatutakoa ez da kasualitatea; kausalitatea baizik. Eta aurre egin behar diegu. Aurre egingo diegu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!