Vermouterako adina

Barkamena eskatzen hasiko naiz: barkatu 30 urteko mugaren krisia gainditu guran zabiltzatenok; barkatu jubilazioa gertu duzuenok; barkatu erretiratzeko garaia iritsi zaizuen baina onartu gura ez duzuen kirolariok. Izan ere, zuei aspaldian noiz edo noiz burutik igaro zaizuen ondorio bat darabilkit buruan: zahartzen hasi naiz.

Eta utzi iezadazue, mesedez, sentsazio hori izaten. 1998ko inuzente egunekoa, baina nire buruan XX. mendekoa naizela dut. Gari entzuten dudanean “Zaharra zara, Igor” eta “Zahartzen ari naizela” besterik ez diot entzuten. Joan zen asteburuan Traña-Matienako San Prudentzioak zirelarik, kontzertuen zerrendari erreparatu nionean, begietatik sartu zitzaidan lehen taldea Puro Relajo izan zen.

Ordea, Zea Mays ikustera joan nintzen. Poztu nintzen berriz horrenbeste jende kultur ekimen batean ikusteaz. Bariku bateko 19:00ak ziren, baina hit bat hit da eguneko 24 orduetan (alarma ez bada behintzat), eta han altxatu ginen azken abestian. Egia da, pandemiaren bide luze honetan zaila da justifikatzen edozein ekimen jendetsu, baina kulturak erakutsi du posible dela era eraginkor batean funtzionatzea.

Ordu t’erdiz berriz gaztetu nintzen, 22 urte ditudala gogoratu nuen. Agian hori behar baitu gazteak: ekintzak, kultura, jendea, gazte sentitu dadin eta bere grinak piz daitezen. Uste dut, edo uste gura dut, zahartzearen kontua ez dela nire arazoa bakarrik. Gazte asko sentituko dira gaur egun zahar, dituzten ilusio eta ametsak 20:00etan itxi duten tabernako vermoutaren eta 22:00ak baino lehen etxera ailegatzeko esprint-aren artean itzaltzen zaizkielako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!