Matemerideak

Erabiltzailearen aurpegia Igor Galarza Intxausti 2021ko ots. 12a, 08:49

Gaur. Otsailak 12. Bi-bat-bi. Gaurko egunez, baina 1809an jaio zen Charles Darwin. Duela 212 urte. Bi-bat-bi. Hain zuzen ere, azken hileotan ahoa lerdez bete zaigu bere lege famatu hura aipatzen.

Hamaika hilabete bete dira pandemia “hasi” zela. Gugana lehenago iritsi zen, baina gura baino beranduago onartu genuen. Hasieran aste birako, gero beste bi, beste bi… eta gero faseak. Uda heldu arte zelako datu jasa, arau jasa…

Eta uda heldu zenerako, bainujantziak gorde eta musukoak janztera. Uztailaren 16tik daramagu musukoak jantzita. Otsailaren 12ra arte, 212 egun. Bi-bat-bi. Kausalitatea. Matematika eta efemeride zalea denak hori du: horrelako datu bitxiak eskaintzeko prest dagoela.

Baina jendea nazkatuta dago. Nazkatuta dago datuak, berriak eta neurriak entzuteaz. Aspaldian baitago Durangaldea astelehen eta eguenetan belarriak zut jarri beharrean, zein herritan zabalduko diren tabernak eta zeinetan ez jakin ahal izateko. Nahiz eta asteon jakin dugun berririk berriena: herri guztietan tabernak zabalik.

Horixe da auzitegien ordena. Eta txertoa jasotzearen ordenaz? Badakigu ezer? Badakigu zeinek duten lehentasuna, berez, baina, agian, golf makila bat eroanez gero, atoan jarriko dizute. Boterearen ordezkarien sinesgarritasuna zalantzan bazegoen, aspalditik boterearen beraren sinesgarritasuna ere zalantzan jarria dago.

Gaur. Otsailak 12. Bi-bat-bi. Gaur LABIk batzarra du, gaurtik bihar bitarte hamaika buelta eman ditzakeen erabakiak hartzeko, Darwinen, edo tira, auzitegien legeak onartzen baditu. Bi-bat-bi ez, bat-bat-bira deitu beharko dugu laster.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!