LIBRE NEUK GURA DODANA ESATEKO
Gaurko gaiari buruz askatasun guztiarekin ari naiz idazten, edo hori uste dut behintzat, are gehiago erdara bi ditugula tartean eta horien artean gure ASKATASUNA hitzaren baliokide bi, eta ez nolanahikoak: LIBERTAD eta LIBERTÉ.
Bata nahiz bestea, nahiko inportatuak Euskaraz, beren bariante guztietan: "LIBRE naz neuk gure dotena esateko"edo " LIBERTADE handixe dau gaur egun kalien".
Nik dakidan Espaiñol erderatik inportatuak biak, baina ausartuko naiz Frantsez erderatik hartutako batekin ere: "Ba al du Iparraldeak herri gisa sobera LIBERTATE"-erantzuna ez dizuet eskatuko, baina nire iritziz EZ.
Baina goazen gaurko hitz majikoa ASKA TASUNA aztertzen.
TASUNA zerbaiten edo norbaiten kualitate on edo positiboa adierazten duen atzizkia da. Baina zerena edo norena? ASKA rena edota ASKE rena? -ni herri honetan aske sentitzen naiz- ondo ezta?
Hortaz: ASKE +TASUNA = ASKETASUNA dudala izango litzateke ondorioa.
Beste honetan -ni herri honetan aska sentitzen naiz- ez hain ondo ezta?
Ba ondorioa ASKA +TASUNA = ASKATASUNA dudala izango litzateke.
Jakina da kualitate on edo positibo adierazle horren aurrean badela negatiboa edo txarra adierazlea: KERIA.
Eman dezagun, motibo baterengatik edo besterengatik ASKE hitzari zentzu negatiboa eman nahi diogula. Ondorioa: ASKEKERIA edo ASKAKERIA.
Zuetariko baten batek aurpegira diezadake: askan jaten emateko moduko astakeriak esaten habil.
Ba nik libertatea daukadalako daukat guzti hau esateko ASKATASUNA.
Gaurkoan ezin dut aipatu barik utzi, nire adizkide handi Bittor Kapanaga zena. Pertsona librea, askea munduan askatasun zalerik bada. Berak esana eta neuk entzuna Olentzero gure pertsonaia mitikoari buruz -Oletzaro dok eta ez Oh el lechero- OLETZ+ARO= OLETZARO azpimarra eginez.
Nire ustez ASKATASUN guztiarekin.
Jose Antonio Azkorbebeitia
Durangon, 2019ko maiatzaren 10ean
Hitzez eta Ahotsez irakurraldirako sortutako testua