Lurra da gure alaba,
Lurra da gure ama,
Lur ahizpa, lur arreba
Lurra gu, lurra gara.
Ez ehortzi gure lurra,
Gu baikara lurra bera.
Lurra da gure alaba,
Lurra da gure ama
Zaldibobok kantatzen duen Amurizaren letra honek diosku Lurra ama dugula, Amalurra. Berarengana doa Eguzkia lotarakoan; izan ere, Lurrak alaba bi ditu: Ilargia eta Eguzkia. Baina beste bat ere ba omen du: antza denez, zerua eta lurra aspertuta zeuden baten, itsasoa egin zuten-eta.
Ama, beraz, denona, lurrezkoak ere bagarelako, lurrez eginak. Beharbada lehendakariek horregatik egiten dute zin “Euzko lur ganean zutunik”. Baina kasu honetan, amatzat hartu beharrean, ez ote dute behegaintzat, zorutzat hartzen? Zoru etiko ala pelbiko?
Lur gainean zutik jarkitzen gara, Scarlett O’Hara bagina lez, ukabilean lur apurra dugula, Amalurra defenda dezagun —dezaten— eskatzeko. Oi, lur; oi, lur; oi, ene lur nerea...
Halere, imajinario euskaldun klasikoan lurra ustela eta faltsua da, jaten ematen badigu ere, lurrekoak garela diogun arren: lurrak hazi, eta lurrak jan behar gaitu.
Agian hankak lurrean ditugun bitartean, errealistak garelako. Eta askotan egoerak ez zerurako ez lurrerako jartzen gaituelako, besterik egin ezinda.
Beldurrak airean garabiltzanean, oinetako lurra ikaran dabilela sentitzen dugu. Zur eta lur ere gelditzen gara, ikusten dugunean gure planetakideak, lurtar asko, goian zerua eta behean lurra bizi direla. Horregatik exijitzen dugu: lurra lantzen duenarentzat! Lur-jabe handiek jakin beharko lukete, azkenean, lurrak berdinduko gaituela, eta lurrak gureak beharrean, gu garela lurrarenak.
Lurra da gure planeta, gure etxea. Horregatik nik, Ruperrek kantatzen duen bezala, ez dut zerutik gertu egon nahi, hemen egon nahi dut, lurrean etzanda, bere taupadak, amodioak eta miseriak entzunez, sagarrondoen loreen zain, labexomorroen muxu goxoa, goruntz begira lainoak nola pasatzen diren.
Lur gainean etzanda.
Durango, 2018ko maiatzaren 4a