Loreen sustraiak

Erabiltzailearen aurpegia Hitzez eta Ahotsez 2018ko mai. 22a, 11:24

Eider Saragueta, Hitzez eta Ahotsez jendaurreko irakurraldian, "Loreen sustraiak" berak sortutako testua irakurtzen.

Loreen sustraiak

Petaloz petalo osatutako korola koro dotorea, usain gozoz du polen bihotza eta forma ederrez osatzen da; handiak, txikiak eta ertainak daude, mila kolore eta usaindunak. Batzuk fin eta besteak lodi, batzuk ederrak eta beste batzuk ez hainbeste; desertuan eta mendian sortzen dira, baldintza desberdinei aurre eginez. Batzuk pozoia dute eta besteak, aldiz, sendatzeko balio dute; Loreak: eder bezain liran. Udaberriko Margarita bete zelai, Lirio morezko multzoak erreka ertzetan, osinen lore zuri eta more debekatuak eta kaktusaren eztenak saihesten sortzen direnak. Delikatuak dira, ez zimeltzeko zaindu beharrekoak; horregatik omen da Lorea emakume izendatuen izen eta ez gizonen izendatuena.

Ahaztu zaigu ordea alfonbraren azpian begiratzea. Lorea eusten zurtoina, beharrezkoa, baina beherago dago sustrai sarea. Ikusten ez dena, maiz, ahazten delako baina funtsezkoa izan ohi da. Lurrean gordeta, babestuta dago saretzen asmatzen duen sustrai multzoa. Lurrean, alfonbraren azpian, sustraiak zabaltzen, saretzen hasten dira bata eta bestea bide desberdinak hartzen; ahaztu gabe nondik gatozen eta asmatzen, sortzen eta amesten nahi dugun bidea.

Sustrai sare indartsu, ausart eta zaurgarriz, lor dezakegu lur geruza gogorrenak ere zulatzea eta nahi dugun bidea elkarrekin egitea. Orduan ohartzen garelako, sareak, kolektiboak, duen indarraz; Guk, bakoitzak dugunaz. Zalantzan jartzen dugu aurrez esan eta erakutsi digutena, eta horregatik ikusten dugu lorea ahul, delikatu eta finaz haratago den zerbait bezala.

Arretaz begiratuz, konturatzen gara inoiz ez dagoela lore bat bakarrik, alboan edo urrun, baina sororitatean daudela soroetan eta sustraien bidez harremanetan. Lorea da bizitzaren gurpilean etenik ez duena, ustez zimeldu egiten dena eta zimurrak epaitzen dizkioguna, baina bere fruitua hazi bihurtuz sare berriak ahalbidetzen ditu. Gutako bakoitzak sareari egiten dion ekarpena: gurea, guk sortua, landua eta ehundua da.

Oraindik orain, negutegietan erakusten gaituzue: eguzkiz kixkali eta urez itotzeko; baina ohartu ez bazarete ere, gure sustrai asko lorontzietatik kanpo daude, beraien bidea eginaz gurea ere landuz. Lur berrien konkistan hazi berriak ernalduz. Loreak jaio, bizi, epaitu eta hil egiten ditugulako, baina sustraiak lur azpian, irauteko eginak daude, eginak gaude.

 

2018ko maiatzak 4rakoDurangoko Hitzez eta Ahotsezerako, Eider Saragueta

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!