MENDEBALDE URRUNEAN

Erabiltzailearen aurpegia Hitzez eta Ahotsez 2017ko ira. 17a, 23:18

Gaizka Zabarte idazle zaldibartarra bere sorkuntza lana irakurtzen Hitzez eta Ahotsez literatura ekitaldiaren IV. Jendaurreko irakurraldian, Plateruena Antzokian.

MENDEBALDE URRUNEAN

1986ko irailean izan zen. Mendebalde urrunean egokitu zitzaidan lantokia. Trianoko mendietan dagoen La Arboleda herrian. Bihar bidaian noa, esan zidan ikasle batek. Erromantzean, jakina: mañana me voy de viaje. Eta, noiz arte?, galdetu nion kortesia hutsagatik, interesik gabe. Jarri zuen aurpegiagatik, nik neuk oraindik uler ezin nitzakeen arrazoiak tarteko, bazirudien nire galdera ergel samarra zela. Ergelari hitz egiten zaion moldean erantzun zidan behintzat, astiro bokalizatuz: Bihar iluntzeko funikularrean itzultzeko. Kortesiari jakin-minak hartu zion gaina. Nora da, ba, bidaia? Barakaldora. Nora izango da ba, esatea falta izan zitzaion. Ni haluzinatuta. Itxura guztien arabera, bera ere bai. Honekin, ze demontre ikasiko dut nik?! pentsatuko zuen beharbada.

Beste leku batera noala esan eta, nora barik, noiz arte galdetu dit. Probabilitateak urri izan arren, jo dezagun gisa honetan hausnartu duela ikasleak irakasle berriarekin izandako lehen enkontruaz. Gero, erantzuna entzunda, alegia iluntzeko funikularrean itzuliko naizela, beti egiten dugun moduan bidaian goazenean, sekulako disparatea entzun duenaren aurpegia jarri du, erabat baboa. Uste dut irakasle honek arazoak dituela, eta ez soilik denbora eta espazioa ez dituelako bereizten. Arazoak eduki eta arazoak ekarri egingo dizkigu.

Gure lehen elkarrizketari amaiera errukiorra ematea erabaki balu bezala,  sorbaldan pare bat zaplada eman eta zera esan zidan: lasai, espazioa denbora kontua da, Einstein.

Altxatu eta hiztegiaren bila bidaiatu dut. Egia esan behar bada, ia altxatu beharrik ere ez dut, agontzearekin nahiko.

Hiztegi batua. bidaia iz. Leku aski urrunera, lehorrez, itsasoz nahiz airez egiten den ibilaldia.

Kitto. Ez dago beste adierarik. Ziurrenik neure patologiaren bat izango da bidaia hitza drogekin eta sexuarekin  lotzera naramana. Droga haluzinatzaileren bat administratu ondorengo egoera. Hori dio RAEren hiztegiak viaje hitzaren hamalau adieretako batean. Gauza bera dio hitzez hitz Larousse frantses hiztegiak voyage sarreran. Honek  argibide bat gehitzen du: bereziki LSD. Frantsesen fintasuna.  Jende bidaiatua. Hori bai, Espainia eta Frantzia honetan ere ados.

Egilea: Gaizka Zabarte

2017ko maiatzaren 5ean Plateruena antzokian irakurritako testua.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!