Gaztetxoaren bidaia

Erabiltzailearen aurpegia Hitzez eta Ahotsez 2017ko uzt. 17a, 09:00

Andoni Barreña bere sorkuntza lana irakurtzen Hitzez eta Ahotsez literatura ekitaldiaren IV. Jendaurreko irakurraldian, Plateruena Antzokian.

Badoa gaztetxo bat etxerantz. Ilunabarra da eta eguzkia izkutatzen ari da; ezkutatu egin da. Ozta-ozta ikus daiteke. Bizikletaz doa gaztetxoa, Durangoko kanpo-aldean bizi da eta. Udaberria da eta ez du hotzik egiten.

Bat-batean goardazobilek gerarazten dute. Ikaratu egin da gaztetxoa. Ez ditu aurrez ikusi, erdi ezkutuan izan baitira.

-Nora zoaz argi barik? Ez dakizu argiak beharrezkoak direla ala? Nor zara?

Gaztetxoak badaki harrapatu dutela, isuna izango duela. Badaki ez dela ihesbiderik. Etxerantz doala esan die, eta zerbait ikusten dela esaten ere ausartu da.

-Nor zarela diozu? Iraola? Hobe iraolatar guztiak hilda baleude! Ez zituzten denak akatu ala?

Gaztetxoak ez daki zer esan, ezta zer egin ere. Isilik geratu da, mutu. Goardazobilek isuna idazten ari dira. Lantzean behin barre ere egiten dute, elkarri zerbait ahopeka esan ondoren. Gaztetxoak ez du ulertzen zergatik egiten duten barre, edo ez du ulertu nahi, ez zaio ulertzerik komeni. Baina, halako batean, bere gurasoak ikusi ditu hurreratzen, aita eta ama. Irribarretsu ikusi ditu, babeskoi. Zera esan du:

-Aita, badakizu zer esan didan gizon honek? Hobe litzatekela iraolatar guztiak hilda bageunde!  Ea ez gintuzten denak akatu!

Aitak irribarre egin duela begitandu zaio gaztetxoari, gaztetxoak ez baitu bere aitaren aurpegia baino ikusten. Baina, bat-batean ahots batek eten egiten du gaztetxoaren begirada:

-Arratsalde on Iraola jauna. Txantxa izan da! Badakizu, argi barik ikusi dugu eta beldurtu nahi izan dugu berriro ez dadin gertatu, horrela joanda kamiotzarren batek zapaldu dezake eta. Gainera badakizu nik ez nuela holakorik esango Iraola jauna. Badakizu zure anaia nagusiaren laguna izan nintzela. Berarekin jolasten nintzela umetan eta, gero, errespetatu egiten nuela. Beldurtzeko baino ez da izan Iraola jauna.

Gaztetxoa eta gurasoak etxerantz abiatu dira, isun barik. Gaztetxoak ez du dena ulertzen, baina aita oso boteretsua duela begitandu zaio. Eta zerbait gehiago ere sumatzen hasi den arren, pozik doa gurasoekin etxerantz.

Hurrengo eguerdian amak esan dio etxera etorri dela goardazibila eta barkamena eskatu diola aitari. Berriro aipatu diola bere anaia nagusiaren laguna izan zelaren leloa. Segidan, amak aitaren anaia gerran hil zutela gogorarazi dio. Gaztetxoak badaki aitaren anaia nagusia gerran hil zutela. Badaki bere aitita-amamak, osaba-izebak eta bere aitak gai hori sarri aipatzen dutelako, eta badaki, baita ere, inoiz ere ez dutela jakin non dagoen ehortzita, ezta ehortzita dagoen ere.

Handik egun batzuetara, opor garaian, aitak gaztetxoari Iruñera joateko gonbitea luzatu dio, bera laneko kontuez joan behar baita. Gaztetxoak gauza bakar bat gogoratzen du Iruñara egindako itzuli horretaz, Ezkabamendi mendiko San Kristobal gotorlekuan jasotakoaz aitak kontatua. Nonbait, aitaren anaia nagusiaren lagun bat, Epifanio Osoro Ikobaltzeta, han zegoen preso gerra garaian, eta ihesaldi bat izan zenaren aitzakiaz fusilatu egin zuten.

Gaztetxo zenak gaur egun badaki hori 1936ko azaroaren 1ean gertatu zela eta fusilatua Epifanio Osoro Ikobaltzeta izan zela, 23 urteko durangarra.

Beste behin, aitak Herminio Raposorekin elkartu zela kontatu dio. Herminiok bazuen Patxi izeneko anaia, hau ere aitaren anaia nagusiaren laguna, eta gerra-sasoian Asturiasen hil zutela esan dio aitak, durangar batzuk hil zutela. Baina aitak hiltzaileak nor izan ziren badakien arren ez dio izenik aipatu.

Aititak ere kontatu dio bera ere kartzelan izan zela eta bere osaba bat ere trabajadoreetan izan zutela preso faxistek, Nafarroan, bideak eta gotorlekuak eraikitzen. Gaztetxoak ez du ulertu, ez du ulertzen nola izan zitekeen bere aitita kartzelan. Hain ona izanik! Hain nagusia izanik!

Hurrengo batean amak bera jaio zenean hiru osaba herritik kanpo zeudela esan dio, Durangotik herbesteratu zituztela greba egite arren, langileen eskubideen aldeko greba egite arren. Gaztetxoak ez du ulertu zer den greba, baina gerra zer den ere ez du ondo irudikatzen.

Eta horrela, apurka-apurka, gaztetxoa konturatzen ari da historiako irakasleak eta historia liburuetan esaten dena, berak buruz ikasi behar duena, ez datozela bat bere etxean entzuten duenarekin, etxeko kontakizunarekin. Etxekoek beste modu batean kontatzen dute bizi izandakoa. Eta konturatzen da, baita ere, egonezin hori ez zaiola berari bakarrik gertatzen, hainbat laguni ere gertatzen baitzaio. Ez guztiei, baina bai askori. Egunen batean lagun min izurtzar baten aita ere preso izan zela jakin du, eta aitita ere bai. Eta gaztetxoak ikasten du, apurka-apurka zer den duintasuna, zer den harrotasuna eta zer harrokeria. Etxekoek erakutsi baitiote norberaren ideiak harrotasunez aldarrikatu behar dituela.

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!