Mundua ikustera joaten direnen artean bidaiariak eta turistak bereizten dira. Labur esanda, bidaiaria planik gabe irteten da etxetik eta esperientziak bizitzea da bere asmoa. Turistak, ordea, ahalik eta argazki bilduma bitxiena ekartzea du helburu.
Suposatzen da bidaiari izatea turista baino hobea dela. Niretzat desberdintasun hori ez dago batere argi. Zergatik? Atzerrira joaten garen bakoitzean denok eramaten ditugulako betaurreko berberak, aurreiritziarenak.
Susmoa dut aukeratutako lekuan hegazkina lurreratzen denetik, paraje horretatik dakiguna konfirmatzea baino ez dugula nahi izaten. Hala ere, ustekabeei ere uzten diegu lekua, emoziorik ezean, milaka kilometro urrunago jazotakoari ezin geniezaioke abentura deitu eta. “Abentura”, hitz polita. Baina hitzak, aurreiritziak, etiketak baino ez dira. Tamalez, etiketaz inguratuta bizi gara, errealitatea esloganen atzean ezkutatuta geratzen den artean.
Ez da harritzekoa. Izan ere, jaiotzatik etiketek apaindutako mantoian batzen gaituzte. Gure bizitzaren osoko kontakizuna idatzita dago aurretik. Hitzez hitz eskribituari jarraituko diogu. Eta denborarekin guk ere etiketatzen ikasiko dugu, konplexua dena pare bat hitzetan laburbildurik.
Baina egunen batean, agian, etiketa horiek itoko gaituzte. Orduan nor garen eta zer garen ez dakigula konturatuko gara. Hortxe hasiko da bizitzaren abentura zoragarriena, gure benetako bidaia iniziatikoa: sortu dugun mozorroa, garen pertsonaia deseraikitzearena.
Orduan mapan Itaka topatuko dugu eta hara abiatuko gara maleta arinarekin. Kavafis poetak kontatu zigunez, bertara joateko ez da ia ezer eraman behar. Ausardia eta xalotasuna, besterik ez. Ezjakintasun sanoa eta kuriositatea.
Hemen azaldutako ideiak ez dira originalak. Jakinduria iraunkorra deritzonaren ondarea dira. Filosofia, Teologia, Psikologia eta Literaturaren historia zeharkatzen dute. Marcel Prousti, honako esaldi hau egozten zaio: “Benetako aurkikuntzaren bidaia ez da paisaia berriak bilatzea, baizik eta begi berriak edukitzea”
(HITZEZ ETA AHOTSEZ EKITALDIRAKO SORTUA)