Lagunik laguneko bidaia.
Lagunak badatoz, badoaz. Zaila da zerrendatzea.
Badaude bromatarako lagunak, ta lanerakoak.
Badaude tximista legez etorri ta joaten direnak.
Behin ohean sartzeko beste maite nuen bat eduki nuen ta tontamentean joan zen.
Mutil-lagunek gehienetan traizionatu egin naute azkenean, ta neska-lagunen batek ere bai.
Joan ziren gaztetxotako lagunak. Elkartzen gara noizbait. Bakoitza bere bidean.
Zenbatek utzi nauten euren bikotearen mesedetan.
Gogoko ez dudan lagunen bat badabilkit inguruan ta hamar minututan pazientzia agortzen didana ere bai.
Noizbehinka ikusi arren lagun mina dudana.
Bada ezpada ez dut galtzen maitalea izanez gero, logela utziko lidakeenaren telefonoa.
Edadeko lagunek neuk beste miseria eta ur goxoa baino mesedegarriago.
Irribarre besterik egiten ez didan hori ere hor dago baina sekula ez da ausartzen nigaz berba egiten.
Beti maistrakeriatan dabilena ere hortxe.
Apal-apal entzun ta entzun egiten zidan hura, bai!
Nigaz geratuta zegoela bitan ahaztu zuena ito egingo nuen , barre algaraka hartuko ez balitu nire ateraldi guztiak.
Zenbat pasealdi eder hirukote ginen aldi hartan!
Ipurterre hari, ipurdikoa eman nion azkenerako.
Bizkotxoagaz etxera bakarra agertu zait, letxuga ta kalabazinekaz beste bat.
Ez da txarragoa bere urtegunean oparia berak egin zidana.
Terako ura berotzeko ontzia herentzian hartuta nago batengandik.
Hazi egiten naiz miresten nauen horren ondoan, arima bikiak ei gara.
Artea zuen helburu lagun talde hark. Zenbat hasperen zure ohorean Pergamoko dama, nire lagunik ederrena.
Koadrila honek, ostera, bakardadeen bilgune ematen du.
Zure zain nago lagun-berri . Irla bakarti batean elkartu nahi nuke zurekin,
gure belbaldia inork eten ez dezan.
Eta horrela irlarik irla, bidaia etengabean lagunik lagun nintzateke zoriontsu
Baina badakizue zer?
Nire lagunek Zumaia ta Leitzak Aste Santuan baino okupazio handiagoa dute
Ta zenbait bidaiatarako ilargiari deitu behar izaten diot
Nire gerizpearekin batera hiru izan gaitezen.
Maite Artabe Urkiri