Erabakitzeko eskubidea praktikan: Katalunia eta Etxarriko testigantzak

Arenys de Munt (Katalunia) eta Etxarri-Aranatz herrietan gauzatu dira erabakitzeko eskubidearen gaineko herri galdeketak. Prozesu horiek bertatik bertara ezagutu zituzten lagun bik hitzaldia eskainiko dute larunbatean Abadiñon.

Hitzaldia larunbatean, 12:00etan, hasiko da Abadiñoko (Zelaieta) Txanporta kultur etxean. Kataluniatik Agustí Barrera historialaria etorriko da; Barrera Arenys de Munt herriko herri galdeketaren sustatzaileetakoa da. Arenys de Munt Katalunian mota horretako galdeketa egin zuten lehenengo herria izan zen. Etxarri-Aranatzetik, aldiz, Manu Gómez etorriko da. Gómez A13 plataformako kidea da eta Etxarriko herri galdeketaren gainean jardungo du.

Hitzaldiaren aurretik eta ostean, oihaletan erabakitzeko eskubidearen aldeko atxikimenduak adierazteko aukera egongo da. Gogoratu, apirilaren 25ean, Josketa Eguna egingo dugula Zelaietako probalekuan.

Animatu eta etorri. Beste herri batzuetako errealitatea ezagutzea ondo etorriko zaigu, Abadiñon erabakitzeko eskubidea gauzatzen denerako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!