Eguraldi kaskarrari aurre eginda, abadiñarrek bete egin zuten zapatuan Txanporta Gure Esku dagoren aurtengo erronken berri jakiteko.
Gure aurtengo lantresna oihala izango da. Oihala erabakitzeko eskubidearen aldeko atxikimenduak lortzeko bitartekoa izango da. Oihalen bitartez identite desberdinek osatzen duten kontinentea osatu gura dugu. Gura beste oihal ditugu. Betetzen joan ahala berriak eskatu ditzakegu. Oihal horiek metro bi zabal eta ia metro bat garai dira. Oihal bakoitza 20 laukitxotan banatuta dago eta laukitxo bakoitzean pertsona batek mezu bat idatzi dezake euro baten truke. Beraz, euro bat, atxikimendu bat. Eta aipatu dugun laukitxo horretan bakoitzak nahi duena ipini ahalko du: mezu bat, bertso bat, poema bat, irudi bat, marrazki bat… edozer. Baldintza bakarra dago: erabakitzeko eskubidearen gainekoa izan dadila.
Atxikimendu horiek emateko hamaika aukera egongo dira. Esaterako, datozen asteetan eta herriko jaietan hainbat bider irtengo gara kalera, giza katerako metroekin egin genuen moduan. Elkarteetara ere joango gara, geu zuzenean, baina beti esan dugun moduan denon artean egin beharreko lana da, denon ekarpena behar dugu. Bide horretan tutoreen figura erabiliko dugu. Eta zuek izango zarete tutoreak. Herritar asko elkarteren bateko kideak dira; hamaika elkarte daude herririk gehienetan. Beraz, elkarteak herritarrengana heltzeko ate aproposa dira. Eta hori da helburua, erabakitzeko eskubidearen aldarria elkarteetara eramango duten lagunak bilatzea. Ez dugu nahi elkarteen atxikimendurik. Elkarteetan dabiltzan lagunen atxikimendu pertsonalak nahi ditugu. Elkarlanean burutuko dugun lana izango da.
Oihalekin batera saretze txartelak emango ditugu. Baten batek galdetuko du: Zergatik saretze txartela? Iaz ere eman genituen gure datuak. Bi arrazoi nagusi daude. Bata da atxikimenduaren parte garela sentitzea. Bigarren arrazoia hauxe da: iaz giza katerako egindako saretzeek ez dute balio, ez zirelako txartel arautuak (Datuen Babeserako Legea). Beraz, aurten lan hori berriro egitea dagokigu.
Ekitaldiak apirilak 25 eta ekainak 21
Aipatu dugu oihalak zer diren eta bertan zelan jasoko diren atxikimenduak. Baina hasieran aipatu dugu jostun lana ere egin behar dugula. Jostun lan horrek esanahi sinbolikoa dauka, baina baita literala ere. Apirilaren 25a Josteka Egun Nazionala izango da.
Imaginatu dezagun Abadiñon 30 edo 35 oihal bete direla. Horiek denak elkarrekin josi behar ditugu. Apirilaren 25ean Euskal Herri osoko plazetan batuko gara oihal horiek elkarrekin josteko. Desberdinak elkartu daitezkeela adierazteko balioko du, erabakitzeko eskubidearen ideian denok batu gaitezkeela. Denok elkarrekin goiz bat pasatzeko modua ere izango da. Elkar ezagutzeko balioko du, hartuemanak sendotzeko.
Aurtengo ekitaldi jendetsua ekainaren 21ean, domekan, izango da. Lau hiruburuetan: Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean. Ipar Euskal Herrian ere bai, baina oraindino ez dakigu non izango den. Beraz, hiriburuak hartuko ditugu. Egun osoko jaia izango da. Goizetik iluntzera artekoa. Hamaika ekitaldi egongo dira kaleetan. Kaleak hartuko ditugu. Oihal erraldoiak kalean erakutsiko ditugu. Eta arratsaldean hiriburu bakoitzeko estadio handi batean ekimen bat egitea da asmoa. Estadio horretara eramango dugu oihal erraldoia eta oihal horrekin urna erraldoi bat irudikatuko dugu. Hau da, oihalak bueltan bueltan eta behetik gora kiribilduz urna erraldoi bat eraikiko dugu.
Zer gehiago? Dokumentala eta mahai-ingurua
Jostun lanagaz buru-belarri ibiliko garen arren, beste ekimen batzuk ere antolatuko ditugu hemendik ekainera bitartean. Hemen horietako bi azalduko ditugu. Alde batetik, martxoaren 14an, 12:00etan, Jostunak izeneko dokumentala eskainiko dugu Txanporta kultur etxean. Dokumental honek erabakitzeko eskubidearen aldeko hainbat pertsona ezagunen iritziak batzen ditu lehen zatian. Bigarren zatian iazko giza katean zentratzen da; zelan sortu zen ekimena, zelan eraman zen aurrera eta zelan bizi izan zen giza kateko eguna bera.
Bigarren ekitaldia mahainguru bat izango da. Apurka bada ere herri batzuetan erabakitzeko eskubidea gauzatzeko baldintzak ematen ari dira. Eta herri batzuetan egin dira herri galdeketak. Guk Abadiñon oraindik bidea dugu egiteko, baina jakinmina dugu. Bide hori zelan egin duten jakin gura dugu. Zelan landu zuten gaia euren herrian? Zer baldintza zehatz bete behar ditu herri batek galdeketa gauzatu dadin? Horrelako testigantzak batzea interesgarria iruditu zaigu eta horren gaineko hitzaldi edo mahai-inguru bat antolatuko dugu apirilaren 18an, Traña-Matienako Errota kultur etxean.
Kataluniako errealitatea eta Euskal Herrikoa, biak ezagutu gura ditugu. Horregatik, kataluniatik Agustí Barrera historialaria gonbidatu dugu,Bera Kataluniako Arenys de Munteko herri kontsultako sustzaileetako bat izan zen. Horrekin batera, Etxarriko herri kontsultan aritu zen lagun bat ere etorriko da.
Gogoratu astelehenetan, 19:00etan, Errota kultur etxean batzen garela. Etorri zaitez, herri dinamika bat da eta denon laguntza behar dugu. Ongietorriak izango zarete!