Iazko giza katean euskal herritar askok erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria lau haizetara zabaldu genuen. Aldarrikapena eta ospakizuna batu zituen eguna izan zen. Gure nahia aldarrikatu genuen, baina oraindik bidea dago egiteko. Bidea oinezean egiten denez, aurten pausu berri bat emango dugu.
Aurtengo erronka berriaren gaineko azalpenak zapatuan emango ditugu Txanportan. Aurten jostun lana egitea egokitzen zaigu, desberdinen arteko ideien josketa egin behar dugu, erabakitzeko eskubidea erdigune dela. Oihalen bitartez egingo dugu hori. Oihal zabaletan erabakitzeko eskubidearen aldeko mezuak idatzi ahalko dira eta, ondoren, apirilaren 25ean, Euskal Herri osoko herrietan deituta dagoen josketa egun nazionala jarraituta, Abadiñon ere elkartuko gara oihal horiek bata besteagaz josteko.
Bide hori denok elkarrekin egin behar dugu, horregatik da garrantzitsua zapatuko batzarrera etorri zaitezten. Gura duenak oihalak eskuragarri izango ditu. Orain arte egindako bidea ere azalduko dugu eta lehenengo oihal zatiak sinatuko ditugu zuen laguntzarekin. Datozen hileetan zehar prestatuko ditugun bestelako ekimenen berri ere emango dugu. Animatu eta etorri, gogoratu geuk egin behar dugula, herritarrok, geuk egiten ez badugu inork ez du egingo: OTSAILAK 21, ZAPATUA, 12:00, TXANPORTAN.