Akabo All Blacksen nagusigoa?

Mundialaren IX. edizioak hainbat ezusteko ekarri ditu. Nagusiena, Zeelanda Berriak ezin izango duela bere nagusitasuna berriztatu, Ingalaterrak mendean hartu zuelako final erdian, baina porrot honek esan nahi du hego hemisferioko 'beltzen' nagusitasuna bukaerara iritsi dela?

Partida bat galtzeagatik hori esatea larregi litzateke. Ezin dugu ahaztu aurretik Mundialetako 18 partida jarraian irabazi dituztela, bitartean bi Munduko Txapelketa lortuz 2011 eta 2015ean. Guztira 4403 egun egon dira hor goian, eta zelan lortu dute hori? Lana, esfortzuaz eta berezkoa duten talentua eta gaitasuna erakutsiz. Munduko ikusle gehienok beraien joko ikusgarria eta biziarekin urteetan disfrutatu egin dugu. Gehienetan partidetako azken hogei minutuak beraien aurkariak txikitzeko erabiltzen zituzten, berezkoak dituzten abiadura eta irudimena erabiliz.

Horrek ekarri du ere, beste taldeek sekulakoak egitea ABen maila lortzeko, eta mendean hartu ahal izateko. Hor dugu Ingalaterraren adibidea. Orain dela lau urte, etxean jokatzen zuten, dena alde zuten finalera heltzeko eta kopa altxatzeko, baina kale egin zuten beraien ikusleen aurrean. Honako honetarako azeri zahar baten eskuetan jarri dira: Eddie Jones. Nor dugu Eddie Jones? Azken urteetan All Blacksak Munduko Txapelketa batean mendean hartzeko gai izan den entrenatzaile bakarra.  

Australiarra jaiotzez, bera dugu Ingalaterrako ibilbide historikoan irletatik kanpo jaiotako entrenatzaile bakarra. Berak, lortu du talde sendoa, indartsua, eta batez ere defentsan gogor aritzen den horietakoa elkartzea, horren adibide Maro Itoje, Sam Underhill eta Tom Curry gazteak; baina erasoko joko arina eta bizia ahaztu barik horretarako ditu Owen Farrell eta George Ford artistak.

Nortzuk izango dituzte dituzte aurkari finalean? Hegoafrika. Agian une honetan Ingalaterra mendean har dezakeen talde bakarra, antzerako jokoa egiten duelako. Gogorrak defentsan, bulldozer-en antzera aritzen dira Etzebeth, Du Toit, Kolisi eta gainerako aurrelariak. Metro bat irabaztea askotan ezinezkoa gertatzen da, eta ezustekoan baloia lapurtzeko gai direnak, horiekin batera De Klerk mele erdiko txikia baina ausarta.

Nork irabaziko du larunbatean finala? Batek daki! Nik apustua egitekotan Ingalaterraren alde egingo nuke, baina final batean dena gerta daiteke eta akats txikiena erabakiorra izan daiteke. Domu Santu egunean ikuskizun ederra izango dugu, apur bat goiz, goizeko 10ak baina merezi izango duela dudarik ez daukat.

Horrekin batera Movemberri emango zaio hasiera, biboteak uzteko garaia da!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!