Bibotea utzi eta Movember kanpainagaz bat egitera deitu du Durango Rugby Taldeak

DRTko Antxon Iriondo, Iker Mendieta eta Santi Alberdi atzo eskainitako prentsaurrekoan.

Mundu osoan egiten den ekimena da eta prostata eta barrabiletako minbiziaren inguruko kontzientziazioan sakontzea du helburu.

2003an Australian sortu zenetik, mundu osora hedatu den mugimendua da Movember, eta izen bereko fundazioak gidatzen du. Gizartea prostata eta barrabiletako minbiziaren inguruan kontzientziatzea da ekimenaren helburua. Ildo horretatik, gaia bistaratzeko, kanpaina bati ekiten diote urtero, azaroan, eta Durango Rugby Taldeak deialdi horregaz bat egiten du.

Martitzenean, DRTko kideek prentsaurreko bat eskaini zuten kanpainaren nondik norakoak azaltzeko. Azaroan zehar gizonezkoek bibotea uztea da helburua, kanpainaren alde daudela erakusteko keinu modura. Bibotea erakutsiz argazkiak sare sozialetan partekatzeko eskatu dute, ahalik eta zabalkunderik handiena izan dezan. Emakumeek, ostera, kanpainari zabalkundea emanez lagundu dezaketela azaldu zuten.

Aurten ere mugimenduaren aldeko donazioak egin daitezke. Movember mugimenduaren webgunera sartu eta Durango Rugby Taldeak sortuta duen taldera sartuta egin daitezke donazioak. Gune horretan jasotzen duten diru guztia fundazioari emango diote ekimena amaitzen denean. Iaz, 1.533 euro batu zituzten Movember mugimenduaren alde. Horrez gainera, Durangoko tabernetan itsulapikoak banatuko dituzte ekarpenak bertan egiteko eta Rugby tabernan askotariko produktuen otzara baten zozketan parte hartu ahal izango da.

Movember kanpaina Mov-Day izeneko jaiagaz agurtuko dute, azaroaren 28an. Pintxopote berezia, photocall-a eta oparien zozketa izango dira Rugby tabernan.

Durangaldeko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak whatsapp bitartez jaso gura dituzu? Bidali ALTA 688 635 041 telefono zenbakira.