Birusa-2

Erabiltzailearen aurpegia gora_ikasleon_borroka 2020ko api. 27a, 17:19

40 egun baino gehiago igaro dira larrialdi-egoera ezarri zenetik. Urte asko dira sistema kapitalista heteropatriarkalaren ondorioz ikasleok eta baita herri sektoreek gure bizi baldintzen prekarizazio prozesua bizi dugula, COVID-19ak aurretik zetozen arazoak larriagotu edo bistaratu dituelarik. Ez hori bakarrik, Espainiar eta Frantziar Estatuek krisi hau beraien ADNan dagoen joera zentralistan sakontzeko baliatu dute, eta Euskal Herrian dugun burujabetasun falta agerian geratu da.

Euskal Herria mailan abian jarritako “Gora ikasleon borroka!” dinamikako Durangaldeko kideok aspaldi hartu genuen ikastetxez ikastetxe antolatzeko hautua euskal hezkuntza sistema propio eta burujabe baten eraikuntzan. Koronabirusaren krisiak gure helburua lortzera bidean borrokan jarraitzearen behar eta nahia areagotzea besterik ez du eragin, eta helburu hori inoiz baino indartuago irten da Pedro Sanchezen, Macronen, Urkulluren, Cristina Uriarteren edo Chiviteren adierazpen eta politikekin.

Durangaldean “Gora ikasleon borroka!” dinamikak martxan jarritako Birusa-2 kanpainan gabiltza buru belarri lanean. Salaketa kanpaina honen bitartez, konfinamenduaren garai hauetan ikasleok bizi ditugun problematika berezituen salaketa egin nahi dugu. Helburu horrekin, gure sare sozialetan ikasleon testigantza ezberdinak biltzen ari gara, zeinetan birus honek sorturiko egoera nola bizi dugun azaltzen dugun. Izan ere, bizi dugun errealitatea, herritar gehienena bezala, ez da samurra. Hilabete baino gehiago daramagu gure ikastetxe, institutu eta ikastoletara joan gabe. Hala ere, oraindik ez dugu ziurtasunik ezarriko zaizkigun ebaluazio irizpideen inguruan. Agidanez, selektibitateak bere horretan dirau, nahiz eta ez dakigun ze formatutan egingo den ezta zer gertatuko den eman gabeko gai guztiekin. Hori gutxi balitz bezala, jakin badakigu badirela interneterako sarbiderik ez duten ikasleak, honek ezberdintasunak areagotzen dituelarik gure ikasketa prozesuan.

Argi dago askotarikoak direla COVID-19ak eragindako krisiaren aurrean herri sektoreok pairatzen ditugun problematikak. Ikasleok ez gara gutxiago. Horregatik, ikasle bezala bizi ditugun arazoak salatzen jarraituko dugu, gure artean saretuz eta herrietan antolatu diren zaintza sareetan parte hartuz. Momentu latz hauetan, inoiz baino beharrezkoagoa da bakoitzak duena ematea komunitatea zaintzeko, era kolektiboan jarduteko eta bizitzak erdigunean jarriko dituzten politikak abiatzeko.

Gora Durangaldeko ikasleak! Gora ikasleon borroka!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!