Baina balantzea egiten duzu: azazkalak edo tabakoa lako bizio eta ezinegonik gainditu duzun; zergatik ez zenuen dei hura egin; zorrak kitatu dituzun; jakin al duzun entzuten, haien minak arintzen; zenbat gastatu duzun behar ez dituzun gauzetan; barkatzeko kapaz izan ote zaren; maiz eutsi ote diozun negarrari; jasaten duzun zugan eta zeurekiko egotea; kanpoan behar lukeenari aterik ireki diozun; hitzeman zizutena bete duten eta akordatzen ote zaren zu zure promesez; zenbat gezur esan dituzun (zenbat egia ezkutatu); zer ukatu duzun, zer galdu, zer onartu, zer bota, zer aitortu; izan ote duzun huts egiteko ausardiarik, amore emateko gogorik; inoren memorian arrastorik laga duzun, zenbat orbain zail dituen zeureak; damutzen ote zaren egin gabekoaz, eta eginaz; zeure baitako iraultzarik hasi duzun eta zenbat negozioren konplize makur zaren oraindik; eranzteak lotsatzen zaituen; baduzun iheserako grinik; nora ez zenukeen itzuli nahi, eta beste.
Eta bat-batean ohartzen zara zure bizio eta ertz ilunenak ez dituzula aldatu, eta aldiz, ahaztu egin dituzula hor, zurekin, behar dituzun zerak. Bukatzear dela epea. Horregatik irensten dituzu urtero mahatsak, funtsean zeure buruari beste aukera bat emateko.