Landakon Berdeago azoka. Hara noala, alde zaharrean bizi den ezaguna topatu dut; berarekin solasen geratu naiz. Gai interesgarriak landuko direlakoan hurreratu da, jakinminez. Asko ikasi daitekeela aitortu dit, hiztegia aberastu, teknologiak ingurumenean duen eragina, energia zelan kudeatu, zelan aurreztu eta abar. Edozelan ere, iruditu zaio han azaldutakoa urrun dagoela herritar xumeek dituzten beharretatik, profesionalek profesionalentzat egindako azoka omen da. Berrikuntza, ikerketa, jasangarritasuna…, berba potoloegiak berarentzat. Gertukoak ditu, ordea, pobrezia energetikoa, indarkeria, kartoizko ohea edo “hiru semealaba ditut eta langabezian nago” dioen kartoizko karteltxoa. Neguan hotzetik eta udan berotik babesteko hormak, zorua eta sabaia kartoiz forratutako bunkerra du bizileku. Kalerik kale ibili ohi da, martitzenetan, merkatariek gai preziatua ate ondora noiz aterako zain; hezetasunaz, kartoia bigundu eta hondatu egiten baita.
Kartoiaz bildu ditu azokatik ateratako ikaspenak, ingurumenari buruzko kontzientzia hartzeko balio liezazkioke, eta etxera bueltatu da, pozik. Asteburu honetan ere, hara joatea erabaki du