Geldiezina da errekaren ur-jarioa, baina baditu mantso gune ederrak ere, uraren oldarrari aurre egiteko eraiki baitziren presetako batzuk. Presa gainetik behera, ostera, ur-jauzia, eta hortik aurrera, ur-laster ikusgarria. Horrela margotu du lagunak denboraren gupidagabea, noiz edo behin, gezurretako eten ustekabeak eskaintzen badizkigu ere. Kontatu dit, behin, protesta aldi batean, haitz baten horman eskegita eman zituela egun bi eta, orduan, erlojua izoztu zitzaiola. Eta geraldi atseginaren ostean, atxilo eraman zuten eta bere modukoak otzanarazteko zulo ilunean sartu; han erlojuaren orratzak barik, nahimena izoztu zitzaion.
Espetxeratu dituzte gazteak eta politikoak, ideiak araztegietara bideratzen ari dira; tratamendua behar duen hondakintzat hartu gaituzte, lohia kendu eta, atzera ere, ibilgu hesitu garbira itzularazteko, presa gaineko gune geldo apainera. Itzelezko izozkailua eraiki dute baliabide ugari eta izugarriekin hornituta, ez dezagun gure buruaz beste egin ur-jauzitik behera botata, ez gaitezen ur-lasterretan behera ito.