Otxandioko munarriei egiaztatze bisita egiten gabiltzala, umetako pasartetxo hau kontatu dit gatazka gordina bizi duen herrialde batean brigadista dabilen bisita kideak. Danbor hotsa trumoiari deika ari zaio, eta hark erantzun. Lokaztu dira baso eta larreak zeharkatzen dituzten bidezidorrak. Urrinera, gorrien kaminoa; atertu du. Pago-enborrean aizkorakada bi, eta markatuta dago herrien arteko muga. Berriketari ekin diogu. Lurralde-arazoak dituen herrialde batean izan da, poza umeen aurpegietan baino ageri ez den horietakoan. Han, umeak eurak dira hondakinetatik ateratako adreilu zati koloretsuak, harritxintxar jostariak, baldosa txatal distiratsuak, sakonuneak bete eta bizimodu malkartsua leuntzen dutenak. Bortxak eragindako zuloetan olgetan dabiltzan umeen irribarreak eman dio kemena, berriro ere, hara bueltatzeko.