Claverina eta Sorita batera ekarri zituzten joan den udazkenean Pirinioetako mendebaldera, inguruan bizi diren ar biekin ugaldu eta espeziea iraunarazteko. Hibernazio sakonetik gose aseezinaz itzartu da Claverina, eta lorratzak lekuko, deskalabrua egiteaz batera, ikara ere zabaldu du artzainen artean. Orain, geolokalizatzailea jarri diete biei une oro nondik nora dabiltzan jakiteko, non jan dezaketen eta non ez irakasteko, inguruko bizidunengandik urruntzeko; espeziearen onerako baita.
Gure hartzen antzera bizi garela sentitzen dut askotan, jazarpenari eusten, geomugatuak: lepokoa, eskumuturrekoa, azalean sartutako txipa…. Baina era berean, lozorroan eroso gaude, esnatutakoan ere eroso, gose eta gozo, badagoelako burmuina zelan elikatu, Netflix, HBO, Bein, sare pozoitsuak eta beste asko. Hori gura omen dugu. Alabaina, arriskuak bistakoak diren arren, oraindik ez zait buruaz beste egiteko unea iritsi, ez Pinondoko leiho zahar honetako ikuspegia zeharo lausotu arte, behinik behin.