Baretu du, euri jasak eguneko sargoria akabatu du, eta oherako baino kaleko freskurarako gogoak bultzatuta, banoa. Sesioa dute beheko lokaleko gazteek Espainiako futbol selekzioari jipoia eman eta etxera bueltan bidali dutelako, bidegabekeria. Leihotik kuxkuxean, jarraitzaile sutsuenen samina erakutsi dute pantailan, aberri baten negarra, amorrua… Bidegorri bakartirantz noala, gazte baten samina eta amorrua ikusi ditut, Done Jakue bidea bizikletan egiten ari zirela, mozkortuta zihoan auto gidari batek hildako bikotea errepide bazterrean zerraldo. Ibaizabalera iritsi naiz, auzokide musikazale harekin umetan joaten ginen presa ingurura; ur lohia dakar euri jasaren ondorioz.
Ur burrunbatsuek Mediterraneoko garrasiak ekarri dizkidate, migratzaileen DNAren ezaugarri bilakatuz doan samina. EBko liderrek itsasoan ito ez direnentzako a(tx)silo zentroak eraikiko dituzte, hara bildutakoak sailkatu, bereiztu eta atzera bidaltzeko, gordina. Mina eta samina nahinon, oparo bizi garenona eta goseak jota bizi direnena. Saiatu naiz besten lekuan ipintzen barruak eskatzen didanari men eginez, baina ezinezkoa egin zait, eta hor nago, ikusle, irakurle… Sargori dago.