Orain laborantzan ari da, esku lakarrak salatari. Euriteak, luiziak eta eguratsa etsai, tartetxoa hartu eta bisitan etorri da bere ortu txikiaz jarduteko, handik ateratzen baititu bihotz taupadei eusteko elikagaiak. Patxadaz hasi gara berbetan, eta, halako batean, “azpian dagoena interesatzen zait” bota du, “lur azpian dagoena, mendean hartutakoak, baztertuak eta haien begiradak, zapalduak direlako, lurpean sartzen ditugulako”. Lur-azalean ageri dena, itsu bilakatzen gaituen distira ez zaio interesatzen, gordea dugun horretan arakatzea gogobetetzen du. Harreman zintzoen basamortua esaten dio hiriko bizimoduari; urte asko pasatu baititu, han, iraganak utzitako hondar trinkoak goldatu, irauli eta saneatzeko intentzioarekin. Lanabesak, ordea, ez dio asko lagundu mokil gogortuak urratu eta bere bizitza luberritzen, hirian eraikitako zoru azpiak sendoegiak baitira apurtzeko.
Horregatik erabaki du bizilekuz aldatzea, basamortua betiko utzi eta lur saila eskuratuta, emankorragoa suerta dakiokeen eremura hurreratu da. Lurpeak eta lurperatuak burutik ezin kenduta, lur-azalak eskaintzen dionari jaramon gehiago egitea erabaki du, itsu egiten gaituen distiratik urrun.